Kanposantuko aldapa

Miel A. Elustondo ('Berria' egunkaria) 2021ko ira. 29a, 11:34
Anjel Otaegi Etxeberriaren hilobia, Nuarbeko hilerrian. (Miel A. Elustondo)

Maria Otaegi Etxeberria izan zen, Anjelen ama. 1975eko irailaren 27an, goizeko 08:00etan fusilatu zioten semea Burgosen. Haatik, ez hiriburuan, handik dozena kilometrora nahiko bazter eta ezkutuan baizik. Amaren ahotsa da, haizearen xuxurla hostoetan iduri. Dakienetik bezainbat ari da ahizpak esandakotik, berak, negar eta negar, ez baitzuen berbertan izateko "balorea izan". Honako hau Miel A. Elustondo kazetariak Berria egunkarirako egindako erreportajea da.

Abuztuaren 28an zen izatekoa epaiketa Burgosen. Gerra kontseilua, esaten zuten. Garmendiaren eta Anjelen kontra. Fiskal militarrak heriotza zigorra eskatzen zuen bientzat ere.

Nik ez nuen epaiketara joan nahi izan, edo ez nuen Anjelen epaiketara joateko balorea izan. Epaiketa eguna arte, astero Burgosera joanez ibili ginen ahizpa eta biok, Anjel ikustera joanda. Epaiketa egunean, berriz, ahizpari bisita kendu zioten, ez ziotela sartzen utziko esan ziguten, etxekorik ez zutela ametituko, ez lehengusu ez koinatu, neu beste inor ez. Ahizpari ere horixe esan zioten lehenago, ametsik ez egiteko, ni gaixotuta ere ez ziotela Anjel ikustera joaten utziko. Oso gaixorik egon beharko nuela, hiltzeko zorian, nire partez bera Anjel bisitatzera kartzelara sartzeko. Nire ahizpari esaten zioten alferrik ibiliko zituela medikuaren errezetak, nik anginak nituela, edo sukarrak jota nengoela. Ezetz... Oso gogor hartu zuten nire ahizpa. Ni baino gogorrago ere bai, behar baldin bada.

Epaiketa

Ez nuen epaiketara joateko balorerik izan. Ahizpak kontatuta dakit. Ez zen gau goxoa izan. Hiru egun eman zituzten Burgosen, bezpera aurreko egunean joan behar izan zuten eta. Esaten zuten, bestela ez zutela tokirik izango. Ahizpa joan zen, eta nire koinatua, eta ilobak, eta Anjelen lagunak. Kuadrilla joan zen hemendik, baina inork ez zuen Anjel ikusi. Garmendiaren anai-arrebak ere hantxe izan ziren, baina inori ez zioten epaiketara sartzen utzi.

Hantxe zen Frantziako kazetari bat ere, emakumezkoa, eta hark esan omen zien gureei: "Zer esaten ari zarete, ordea? Ez dizuetela sartzen uzten? Zeuek zarete sartzen lehenak izan beharko zenuketenak!". Alferrik. 24 lagunentzako tokia omen zegoen. Eta kalekoz jantzitako poliziek bete omen zuten dena. Ez zuten urte batzuk lehenago Burgosen bertan gertatutakoa berriz gertatzerik nahi.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Berria.eus webgunean.