Aitor Zulaikak Real Unionen jarraituko du

Julene Frantzesena 2021ko ira. 28a, 16:33
Igor Emery eta Aitor Zulaika Irungo Gal futbol zelaian. (Real Union)

Zehazki, 2023ko ekainaren 30era arte sinatu du akordioa Irungo taldearekin, eta beraz, iaz mailaz igotzea lortu zuen taldea zuzentzen segituko du. Administrazio Kontseiluko presidente Igor Emeryk azaldu duenez, "eguneroko lanean erakusten duen autoexigentzia eta pasioa zein lortutako emaitzak nahikoa arrazoi" dira berarekin duten konfiantza indartzeko.

Aitor Zulaikak Real Unionen gizonen lehen taldea entrenatzen jarraituko du dagoeneko hasita den denboraldian, Irungo taldearekin akordioa erdietsi baitu azpeitiarrak. Zehazki, 2023ko ekainaren 30era arte sinatu du hitzarmena, eta beraz, iaz mailaz igotzea lortu zuen taldea zuzentzen segituko du.

Zulaikak 2020ko udan hasi zuen bigarren ibilbidea Irunen –lehenago ere aritu zen taldea gidatzen–, eta joan zen denboraldian RFEF Lehen Mailara igo zen taldea. Dagoeneko hasi dute 2021-2020 denboraldia Real Unioneko kideek, eta sei partida jokatuta, bost puntu batu dituzte.

Administrazio Kontseiluko presidente Igor Emeryk azaldu duenez, azpeitiarrak "oso ondo" ezagutzen du taldea. "Klubarekin oso identifikatuta dagoela erakutsi zuen lehen etapan, baita bigarrenean ere. Eguneroko lanean erakusten dituen autoexigentzia eta pasioa zein orain arteko lortutako emaitzak nahikoa arrazoi dira berarekiko dugun konfiantza indartzeko". 

Zulaikak ere ildo beretik hitz egin du, eta etapa berri batean den taldean "gustura" dagoela adierazi du. "Oso harro nago proiektu honen parte izateagatik, eta eskerrak eman nahi dizkiot Administrazio Kontseilu berriari eta kluba osatzen duten pertsona guztiei".

Honako lotura honetan irakur daiteke joan zen maiatzean, taldea mailaz igo eta gero, Zulaikari Uztarria.eus-ek egindako elkarrizketa.