Egunean Behin

Martxan da Egunean Behinen zortzigarren denboraldia

Uztarria.eus 2021ko ira. 27a, 12:04

Uztarriaren taldean parte hartzen duten herritarrek hiru sari eskuratzeko aukera izango dute. 99. postuan sailkatzen denak Earrabeer garagardo artisau sorta bat jasoko du, 201. sailkatzen denak Sakona etxaldeko otarrea eta 344. sailkatzen denak K5 upategiko txakolina. 

Gaur, astelehena, hasi da Egunean Behin mugikorrerako jokoaren zortzigarren denboraldia, eta Uztarriaren taldea martxan izango da sasoia bukatu bitartean. 11 asteko lehia izango da Codesyntax enpresak prestatu duena, eta ohiko legez, sailkapena izango du jokoak. Hain zuzen ere, aurreko denboraldiko logika bera erabiliko dute: 11 astetatik jokalari bakoitzaren bost aste onenak hartuko dituzte kontuan sailkapen orokorra osatzeko.

Uztarriak berriz ere jarriko du taldea martxan, eta oraingoan ere banatuko ditu sariak parte-hartzaileen artean. Parte hartzea sustatzeko hiru sari izango dira denboraldi honetan, eta horiek sailkapeneko hiru postutan kokatzen diren herritarrek jasoko dituzte: 99, 201 eta 344. 99. postuan sailkatzen denak Earrabeer garagardo artisau sorta bat jasoko du, 201. sailkatzen denak Sakona etxaldeko otarrea eta 344. sailkatzen denak K5 upategiko txakolina.

Uztarriaren taldean parte hartzeko Egunean Behin aplikazioa deskargatu behar da Google Play edo App Store plataformatik. Aplikazioaren behealdean kokatzen den Taldeak atalean, (+) ikurra zapaldu, giltzaren gainean klik egin eta C6BB98 kodea sartu behar da; erabiltzaileak gisa horretan lortu du UZTARRIA (Azpeitia) izeneko taldera batzea.

Joan zen denboraldian, zazpigarrenean, 1.207 lagun aritu ziren lehian Uztarriaren taldean, eta talde horretako denboraldiko jokalaririk onena Arbiza  –aurrekoan ere bai– erabiltzailea izan zen, 2.932,78 puntu eskuratuta.