Acunsa Gipuzkoa Basketek eskuratu du Euskal Kopa

Anartz Izagirre 2021ko ira. 26a, 20:47

Donostiako taldea gehiago izan da kantxan, eta Juaristi ISBk ezin izan du partida irabazi. Gutxienez bederatzi puntuko aldearekin baino gutxiagorekin galtzea behar zuen Azpeiti-Azkoitiko taldeak norgehiagoka irabazteko, baina ez da posible izan.

Euskal Kopa fin hasi zuen Juaristi ISB taldeak joan den ostiralean, hilak 24, Zornotzaren aurka jokatutako partidan, eta 68-50 nagusitu ziren kiroldegian jokatutako partidan. Gaur, ordea, garaipenak ihes egin dio Iñaki Jimenezen mutilei, eta Acunsa Gipuzkoa Basket taldeak irabazi du norgehiagoka; 82-66 amaitu da partida. Azpeiti-Azkoitiko taldeak gutxienez bederatzi punturen aldearekin baino gutxiagorekin galdu behar zuen norgehiagoka Euskal Kopa eskuratu ahal izateko, baina ez da hala izan, eta Donostiako taldeak eskuratu du kopa, atzo, zapatua, 70-69 galdu baitzuen Zornotzaren aurka.

Partidaren lehen zatian irabazten joan da Juaristi ISB, baina bigarren zatitik aurrera Acunsa Gipuzkoa Basketek aurre hartu du markagailuan, eta kopa erdiesteko bidea zaildu dio Jimenezen taldeari. Kontuak kontu, giro bikaina sortu da harmailetan, eta publikoak erruz animatu du norbere taldea. Norgehiagokaren ostean sari banaketa izan da, eta Azpeitiko nahiz Azkoitiko udaletako ordezkariak izan dira sariak banatzen.

Bestalde, emakumeek joan den astean jokatu zuten Euskal Kopa, eta Azkoitia-Azpeitia ISBko neskek lortu zuten garaipena Beasaingo finalean, Barakaldori eta Idiazabali irabazita.