Juaristi ISBren garaipenarekin hasi da gizonen Euskal Kopa

Atzo, ostirala, jokatu zen Euskal Kopako lehen partida kiroldegian, eta etxeko taldea 68-50 nagusitu zitzaion Zornotzari; beraz, bi puntu erdietsi zituen atzoko partidan. Gaur, Acunsa Donostia Gipuzkoa Basketek eta Zornotzak neurtuko dituzte indarrak, eta bihar, Juaristi ISBren txanda izango da berriro, donostiarren aurka. Hor erabakiko da nor izango den Euskal Kopa etxera eramango duen taldea.

Saskibaloi zaleek hitzordu garrantzitsua dute asteburuan Azpeitian, gizonen Euskal Kopa hasi baitzen atzo, ostirala, kiroldegian, eta gaur eta bihar partidu bana jokatuko da bertan. Euskal Saskibaloi Federazioaren laguntzarekin, Espainiako LEB mailan dauden hiru talde euskaldunek neurtuko dituzte indarrak Euskal Kopan: Juaristi ISBk, Zornotzak eta Acunsa Donostia Gipuzkoa Basketek. Atzo, ostirala, izan zen lehen norgehiagoka Juaristi ISB eta Zornotzaren artean, eta Azpeiti-Azkoitiko taldeak mendean hartu zituen zornotzarrak; 68-50 amaitu zen partida. Bizkaitarrek egin zituzten partidako lehen saskiratzeak, baina ondoren, etxeko taldeak buelta eman zion lehiari, eta aurretik ibili ziren partidaren lau zatietan.

Gaur, zapatua, Euskal Kopako bigarren partida jokatuko dute zornotzarrek Acunsa Donostia Gipuzkoa Basketen aurka, 18:00etan hasita, eta bihar, igandea, Juaristi ISB eta donostiarren arteko lehiarekin erabakiko da nork eskuratuko duen gizonen Euskal Kopa. 18:00etan hasiko da partida hori ere, eta kiroldegian izango da. Sarrerak dagoeneko salgai daude webgune honetan, eta online salduko dituzte partidak hasi baino bi ordu lehenagora arte. Partida bakarra ikusteko sarrera bakoitzak 10 euro balioko ditu, bi ikusteko 15 euro eta hiru norgehiagokak ikusteko 20 euro.

Emakumeek joan den astean jokatu zuten Euskal Kopa, eta Azkoitia-Azpeitia ISBko neskek lortu zuten garaipena Beasaingo finalean, Barakaldori eta Idiazabali irabazita.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide