90 lagun eta parte hartze handia, Josema Casimiroren emanaldian

Ihintza Elustondo 2021ko ira. 24a, 10:22

Josema Casimiro alpinista nafarra izan zen atzo Soreasun, Lagun Onak Mendi Bazkunaren Mendiko Ahotsak zikloaren barruan. Jannu 1981 filma eman zuten lehenik, eta solaserako tartea izan zen ondoren.

Lagun Onak Mendi Bazkunaren Mendiko Ahotsak zikloko saio bat izan zen atzo, osteguna, Soreasu antzokian. Josema Casimiro alpinista nafarra izan zen protagonista, 1980ko hamarkadatik hasita Himalaian eta munduko beste hainbat txokotan ibilbide oparoa egin duen mendizalea. Mari Abregorekin batera, bera izan zen K2 mendiaren gailurrera iritsi zen Espainiako estatuko lehenengo alpinista; alpino estiloan igo zuen tontorra, mundu guztia zur eta lur utziz.

Casimirok 1981ean Jannu mendira egindako espedizioa jasotzen duen Jannu 1981 filma eman zuten atzoko saioan, eta ondoren, solaserako tartea izan zen. 1980ko hamarkadako himalaismoaz hitz egin zuen mendizaleak; garai hartan gauzak nola ziren azaldu zuen. 90 lagun elkartu ziren Soreasun, eta parte hartze handia izan zen saioan; izan ere, ikusle asko animatu ziren mendizaleari galderak egitera. Lagun Onak Mendi Bazkunakoak "oso gustura" daude atzoko saioak emandakoarekin, eta haien arabera, mendizalea bera ere pozik itzuli zen etxera.