Azpeitiar getariartua, arraunlari txakolingilea

Ihintza Elustondo 2021ko ira. 25a, 09:00
Iker Eizmendi, Getarian dituzten mahastietan. (Ihintza Elustondo)

Azpeitiarra izanagatik, Getarian bizi da Iker Eizmendi azken urteotan. Ondo egokitu da kostaldera: arraunean aritzen da Ondarroarekin, eta Akarregi Txiki txakolindegian lan egiten du. Momentuz, behintzat, ez du Azpeitira itzultzeko asmorik. 

Azpeitian jaioa, baina Getarian bizi. Pilotan hasia, baina arraunean segi. Mahatsaren bueltan hazia, txakolinaren inguruan egin du habia. Azpeitiar getariartua da Iker Eizmendi (Azpeitia, 1994), arraunlaria nahiz txakolingilea.

Azpeitiarra sentitzen den arren, Getarian jaio zen berez. "Baina egun batzuk nituela Azpeitira joan ginen. Bizi osoa Azpeitian egin dut, eta azpeitiarra sentitzen naiz. Orain dela hiru urte etorri nintzen Getariara bizitzera". Aita getariarra du, eta haren etxea, Akerregi Txiki baserria –bertan dago Akarregi Txiki txakolindegia–, du egun bizilekua.

Bada Eizmendi kostaldearekin lotzen duen beste kontu bat ere: arraunean aritzen da, Ondarroarekin. Bi urte daramatza talde horretan, baina beste hainbat traineru ere zapaldu ditu. "2014ko azaroan hasi nintzen arraunean, Getarian. Urte batzuk egin nituen han, 2015eko denboralditik 2018ra arte. Gero, urtebetez utzi egin nuen arrauna, 2019ko sasoian, pixka bat nazkatu egin nintzelako. ‘Kito’ esan nuen, baina gero Iñaki Errasti entrenatzaileak deitu ninduen Ondarroatik, eta berriro animatu nintzen. 2020an itzuli nintzen Ondarroara, eta azken urtea ere han egin dut". Halaxe adiskidetu zen arraunarekin. "Orain oso gustura nabil. Hurrengo denboraldian behintzat jarraituko dut arraunean".

Zein taldetan jarraituko du, ordea? Horra hor galdera. Izan ere, Getariak Eusko Label ligara igotzea lortu du aurten, eta beraz, Ondarroa eta Getaria maila berean ariko dira datorren sasoian. "Jende asko ari zait horren inguruan galdezka, eta une honetan, ez dut pentsatu ere egin nahi horretan. Getaria mailaz igotzeak sekulako poza eman dit, neurekin txalupan ibilitako jendea baitago taldean. Baina, era berean, lan zaila beraiek egin dute azken hiru urteetan, eta uste dut sufritzea bakarrik ez, gozatzea ere beraiei tokatzen zaiela. Lehen mailara igo dira, eta gozatzea merezi dute. Dilema badaukat, baina Ondarroan oso gustura nago, eta ez dakit zer egingo dudan hurrengo urtean".

Ondarroak aurtengo sasoian erakutsi duen mailarekin "oso-oso gustura" dago Eizmendi. "Oso balorazio ona egiten dut aurtengo denboraldiaz. Ondarroak dauzkan baliabideekin, iruditzen zait oso sasoi ona egin duela, nahiz eta Kontxako arantza hor gelditu. Uste dut erakutsi dugula lehen zazpien artean ibiltzeko gaitasuna dugula".

Egun olatuen gainean aritzen den arren, txikitan beste kirol bat praktikatzen zuen Eizmendik: esku pilota. Dena den, kirol bat utzi eta bestea probatzea erabaki zuen, 20 bat urterekin. "Osaba arraunean ibiltzen zen, eta hura ikustera joaten ginen. Betidanik izan dut kirol hori probatzeko gogoa. Gainera, kuadrillako batzuk ere ibiltzen ziren arraunean, Zumaian. Aurreneko entrenamenduak han egin nituen, baina Getarian baserria izanda, Getarian hastea pentsatu nuen. Pare bat urtez lagunak elkarren kontra jokatzen aritu ginen, haiek Zumaian eta ni Getarian. Polita izan zen hori".

Orduan hasi, eta gaur arte. Argi dago, beraz, arraunak baduela zerbait Eizmendi harrapatu duena. "Ez dakit nola azaldu. Ederra da. Estropadetan parte hartzen duzunean eta ondo ateratzen denean sentitzen duzun poza, talde guztiak batera arraun egin beharra, diziplina...". Dena den, gauza jakina da arraunlarien bizimodua gogor samarra dela. "Astean zehar entrenatu eta lana, asteburuan estropada... Horrela izaten da gure astea".

Lana, etxean bertan

Gauean berandu ohera, eta goizean goizo lanera; hori izan ohi da arraunlarien eguneroko martxa. Eizmendi, hala ere, "zorteko" sentitzen da, etxean bertan lan egiten duelako. Akarregi Txiki txakolindegiko bazkideetako bat da, eta hantxe ematen ditu orduak, eguna joan eguna etorri. Batzuetan mahastian adarrak moztu, hurrengoan zuhaitzei hostoak kendu, belarra moztu, kimatu, txakolina botiletan sartu, etiketatu... Amaitzen ez den lana da txakolindegikoa.

Orain, gainera, udazkenarekin batera, heltzear da mahatsa biltzeko sasoia. "Irail bukaeran edo urri hasieran ekingo diogu bilketari". Eizmendi gustura dago aurtengo uztarekin. "Pozik gaude, baina iaz baino pixka bat mahats gutxiago izango dela iruditzen zait; beste txakolindegietan ere hala diote. Ea". Haren arabera, udaberrian gorabehera handia egoten da, mahatsa loretik alera pasatzeko unean; ondorioz, mahats gehiago edo gutxiago sortu ohi da. "Sagarrarekin gertatzen den bezala, mahatsarentzat ere batzuetan urte hobea izaten da. Eguraldi oso ona ez du egin aurten, baina ez zaigu gaitz asko sartu guri". Urtarrilerako izango dute txakolin berria; 140.000 litro inguru ekoizten dituzte, gutxi gorabehera.

Etxekoek transmititutako jakintza izanagatik, txakolindegian lan egiteko beharrezko ikasketak ere egin zituen Eizmendik: ardogintzako goi mailako heziketa zikloa ikasi zuen, Errioxan (Espainia). "Hasieran gaztelaniarekin-eta kostatu zitzaidan, baina gero gustura aritu nintzen. Lagun onak egin nituen, eta...". Ikasketak amaitzean, 20 urterekin, etxeko txakolindegian hasi zen lanean. Dena den, familiako negozioa izanda, aurrez ere laguntzen zuen han.

Arraunean, txakolindegian lanean... ia erabat getariartu da azpeitiarra. Azken boladan, izurria tarteko, Azpeitira "nahi baino gutxiago" joan dela aitortu du; dena dela, orain badu asmoa lagunengana gerturatzeko. "Baina bizitzera ez naiz joango, momentuz behintzat. Getaria toki ederra da bizitzeko".