Azpeitian jokatuko dute asteburuan saskibaloiko gizonen Euskal Kopa

Mireia Galarza Bastida 2021ko ira. 22a, 16:03

Ostiralean, larunbatean eta igandean izango dira partidak, eta dagoeneko eskura daitezke sarrerak Internet bidez. Gaur Loiolan egindako aurkezpena baliatu du ISBk, era berean, gizonezkoen eta emakumezkoen lehen taldeak aurkezteko.

Iraurgi Saskibaloiak gaur, asteazkena, aurkeztu ditu Loiolan gizonezkoen eta emakumezkoen talde nagusiak, baita astebukaeran Azpeitian jokatuko duten gizonezkoen Euskal Kopa ere. 

Euskal Saskibaloi Federazioaren laguntzarekin, Espainiako LEB mailan dauden hiru talde euskaldunek neurtuko dituzte indarrak Euskal Kopan, eta ostiraletik igandera izango dira norgehiagokak, Azpeitiko kiroldegian. Ostiraleko partida, Juaristi ISB eta Zornotzaren artekoa izango da, eta 20:30ean hasiko da. Larunbatean eta igandean, berriz, 18:00etan izango dira neurketak. Larunbatekoa, Acunsa Donostia Gipuzkoa Basket eta Zornotzaren artekoa izango da, eta igandekoa, berriz, azpeitiarren eta donostiarren artekoa. 

Sarrerak dagoeneko salgai daude webgune honetan, eta online salduko dituzte partidak hasi baino bi ordu lehenagora arte. Partida bakarra ikusteko sarrera bakoitzak 10 euro balioko ditu, bi ikusteko 15 euro eta hiru norgehiagokak ikusteko 20 euro.

Emakumezkoek joan den astean jokatu zuten Euskal Kopa, eta Azkoitia-Azpeitia ISBko neskek lortu zuten garaipena Beasaineko finalean, Barakaldo eta Idiazabali irabazita.  

Erronkaz betetako denboraldia

Igoera lortu ondoren, LF Challenge liga berrian jokatuko dute aurten emakumezkoek, eta Urrezko LEB Ligan gizonezkoek. Jose Luis Zubizarreta ISBko koordinatzaileak "erronkatzat" hartu du bi taldeek hasiko duten denboraldia, eta gaineratu du "ziur" daudela "harro egoteko moduko lana" egingo dutela bai gizonezkoek eta bai emakumezkoek. 

Aurkezpenean izan dira Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea eta Angel Martin Azkoitiko Kirol zinegotzia. Biek azpimarratu dute saskibaloiak eskualdean duen garrantzia. Horretaz gain, zorterik onena emateko aprobetxatu dute bi erakundeetako ordezkariek.  

Inaziotar bidea ere aipatu dute Iraurgi Saskibaloiko arduradunek. Aurkezpena Loiolan egitearen arrazoia jesuitek saskibaloiaren alde egindako lan eskergari aitortza egitea dela adierazi du Maier Lizasok, klubeko presidenteak.