Ekain Martinez de Lizardui: "Irrintzia guk uste duguna baino unibertsalagoa da"

Aitziber Arzallus 2021ko ira. 21a, 17:04
Ekain Martinez de Lizardui, eskuartean sari bat duela. (Argazkia: Goiena)

Zapatuan Erraiak dokumentala emango dute Soreasun, 19:00etan hasita, eta Ekain Martinez de Lizardui (Donostia, 1980) sortzailearekin hitz egin du Uztarriak. Izan ere, deigarria da irrintzia ardatz duen lanak izan duen oihartzuna: urtebetean 25 sari jaso ditu nazioarteko beste horrenbeste jaialditan.  

Nolatan sortu zitzaizun Erraiak dokumentala egiteko ideia?

Duela hamabi bat urte nire lagun min bat hil zen, eta haren gorpurzkinak generamatzala, bere amonak izugarrizko irrintzia bota zion bilobari. Ordurako antropologia ikasketak eginak nituen eta banuen interesa adierazpen kulturalekiko, baina irrintzi hark markatuta utzi ninduen. Duela hiru bat urte, nire bikotea irrintzilaria zela eta, berriz sartu zitzaidan gogoa irrintziaren inguruan ikertzeko, batez ere neure jakinmina asetzeko. Espero nituen topatzea dokumentalak, liburuak, doktore tesiak… Baina nire harridurarako, ez zegoen ezer. Horretan nenbilela, lagun batek bota zidan zergatik ez nuen dokumental bat egiten, irrintzia oihu bat izanda, entzuteko zerbait izanda, polita izan zitekeela. Ni irakaslea naiz berez, ez daukat inolako zerikusirik eta harremanik ikus-entzunezkoen munduarekin, baina gidoi bat idatzi nuen eta herriko ekoiztetxe bateko kideei aurkeztu nien. Haiei oso interesgarria iruditu zitzaien, eta azkenean Erraiak egin genuen.

Zergatik Erraiak?

Izenarena nahiko istorio bitxia da. Dokumentala egiten ari ginela Nafarroako Unibertsitatera joan ginen, han foniatra talde bat irrintziaren inguruko tesi bat egiten ari zelako. Hain zuzen ere, irrintziak ahots kordetako arazoak dituztenentzat terapia gisa balio ote duen aztertzen ari ziren. Kostata lortutako hitzordua izan zen, sei hilabete lehenago edo lotu nuen, eta soilik orduerdiz grabatzeko baimena bakarrik genuen. Bada, grabatu behar genuen egunean ahotsik gabe esnatu zen nire emaztea, irrintziak bota behar zituena. Hitzorduaren aurretik propoleoa hartuz-eta saiatu zen, baina kontua da, berak ere ez daki nola, baina sekulako irrintziak bota zituela. Orduan esan nuen haiek barrutik atera zitzaizkiola, eta hortik, Erraiak.   

Noiz estrenaitu zenuten dokumentala eta zer bide egin du?

Estreinatu genuela dagoeneko badira bi urte eta erdi, baina pandemiaren kontuarekin urte eta erdi geldirik egon da. Edo hobeto esanda, geldirik gu, baina dokumentala hor zehar ibili da jaialdiz jaialdi. Uruguayko Montevideo World Film Festivalera aurkeztu nuen eta dokumental onenaren saria eman zioten han. Hori eta gero, handik eta hemendik dokumentala eskatzen hasi ziren, eta urtebetean 25 sari lortu ditu nazioartean. Sekulakoa izan da eta sekula pentsatuko ez nukeen lekuetara iritsi da Erraiak. Buenos Airesen, New Yorken, Los Angelesen, New Delhin, Erroman, Glasgown, Berlinen eta beste dozenaka lekutan ikusi dute.   

Zer du dokumentalak jendeari horrenbeste gustatzeko?

Dokumentala oso-oso ondo eginda dago, baina egia da jaialdi horietara aurkezten dituzten beste dokumental asko ere teknikoki kalitate handikoak izaten direla. Nik uste dut irrintzia guk uste duguna baino unibertsalagoa dela eta komunikatzen dituela gauza asko, eta hori iritsi egiten zaiela euskal herritarrei, baina baita hemendik kanpokoei ere. Hor bada zerbait ikusten ez dena baina asko transmititzen duena, eta guk euskaldunok sentitzen duguna, baina beste askok ere sentitzen dutena. New Yorkeko jaialdi bateko epaimahaikide batekin hitz egitea lortu nuen, eta esan zidan eurei ere oilo-ipurdia jarri zitzaiela dokumentala ikustean, eta ez zekitela azaltzen zergatik. Eta nik uste geuri ere horrelako zerbait gertatzen zaigula irrintziarekin, ez dakigula zergatik, baina zerbait oso berezia sentiarazten digula. Bai guri eta bai haiei, erraiak mugitzen dizkigu irrintziak. 

Zer esango zenieke zapatuan dokumentala ikustera joan ala ez zalantzan dauden horiei?

Euskal Herrian izugarrizko harrera izan duen dokumentala dela, eta joaten ez badira, damutu egingo direla. Ez da nik egindakoa delako eta nik ere ez dakit azaltzen zergatik den, baina ikustera joaten den guztia oso hunkituta ateratzen da; bakoitzari bere modura, baina badu barruraino sartzen den zerbait. Eta horrez gain, kalitate handiko lana da irudiari, soinuari eta alderdi teknikoari dagokionean. Beraz, joateko aukera izenez gero, nik ez nuke galduko.  

Erlazionatuak