Malen Amenabarrek Bizkaiko Bertsolari Txapelketan parte hartuko du

Julene Frantzesena 2021ko ira. 21a, 15:13
Malen Amenabar artxiboko irudi batean.

Azpeitiko bizilaguna da larrabetzuarra, eta azaroaren 7ko kanporaketa saioan abestuko du, Getxon. Urriaren 3an hasiko da txapelketa, eta finala abenduaren 18an izango da.

Malen Amenabar Azpeitiko bizilagunak Bizkaiko Bertsolari Txapelketan parte hartuko du. Gaur, asteartea, aurkeztu dute iaz egitekoak ziren, baina koronabirusaren pandemia tarteko atzeratu behar izan zuten zita, eta txapelketaren leloak ere bi urteei egiten die erreferentzia: Bizkaiko Bertsolari Txapelketa 20-21.

Lehen sailkapen saioak eginda, urriaren 3an hasiko da kanporaketen fasea. Orotara, sei kanporaketa saio izango dira –seina bertsolari ariko dira saio bakoitzean–, eta larrabetzuarrak azaroaren 7an Getxon jokatuko den azken saioan kantatuko du, Enare Muniategirekin, Eneko Aldanarekin, Josune Aramendirekin, Koldo Muniaizekin eta Unai Mendibururekin batera. Kanporaketa saio bakoitzeko irabazlea eta puntuazio onena lortzen duten lau bertsolari sailkatuko dira hurrengo fasera.

Azaroaren 21ean hasiko dira finalaurrekoak, eta aurreko fasetik igarotako hamar bertsolariez gain, 2018ko finalean abestu zuten zortzi finalistak –Onintza Enbeita, Miren Amuriza, Aitor Bizkarra, Etxahun Lekue, Xabat Galletebeitia, Eneko Abasolo, Jone Uria eta Nerea Ibarzabal– ariko dira nor baino nor finalerako txartela lortzeko lanetan. Finala, berriz, abenduaren 18an izango da, Bilbo Arenan. Lehen saioetarako sarrerak salgai daude dagoeneko www.bertsosarrerak.eus atarian.

Honako lotura honetan irakur daiteke Uztarriaren uztaileko zenbakian Amenabarri egindako elkarrizketa.