3x3 Futbol Festan 60 taldek eman dute izena, dagoeneko

Nerea Uranga 2021ko ira. 21a, 14:45
Angel Martin Azkoitiko Kirol zinegotzia eta Meliton Rodriguez Azpeitia Cup-eko ordezkaria.

Futbol Festan parte hartzeko izena emateko epea urriaren 10a arte dago irekita, eta oraindik izena eman gabe daudenak horretara animatu dituzte Azpeitia Cup-ekoek. Urriaren 30etik azaroaren 1era artean jokatuko da Azkoitian.

3x3 Futbol Festaren zazpigarren edizioa jokatuko dute Azkoitian urriaren 30ean, 31n eta azaroaren 1ean. Abuztuan zabaldu zuten kirol jardueran parte hartzeko izena emateko epea, eta urriaren 10era bitartean egongo da horretarako aukera. Azpeitia Cup-ek antolatzen du kirol ekitaldia, eta  5 eta 11 urte bitarteko (2009 eta 2016 artean jaiotakoak) haur eta gaztetxoei zuzendutakoa da. Antolatzaileek aurreratu dutenez, 60 taldek eman dute festan parte hartzeko izena dagoeneko, "300 haur inguruk, hain zuzen".

Azkoitian jokatuko den Futbol Festan Azkoitiko, Azpeitiko, Errezilgo, Zestoako, Zumaiako, Getariako, Zarauzko, Urretxuko, Zumarragako eta Legazpiko haurrek parte hartuko dutela adierazi du Azpeitia Cup-eko Meliton Rodriguezek. Antolatzaileek esan dutenez, pandemiak eragindako "egoera gogorra" tarteko, ezin izan dute txapelketa nahi duten datetan antolatu. Dena den, egoerak "hobera" egin duela ikusita, Futbol Festa antolatzera animatu dira. Azkoitiko Udalari eta urtez urte kirol ekitaldia aurrera ateratzen laguntzen dutenei eskerrak eman dizkie Rodriguezek.

Oraindik 3x3 Futbol Festan izena eman gabe daudenak bertan parte hartzera ere gonbidatu dituzte. Izena emateko tokiak honakoak dira: Azpeitiko Ufito arropa denda eta Halcon bidaia agentzia nahiz Azkoitiko Ñam-ñam gozoki denda eta Plaza Berri Sport.