Koronabirusa Azpeitian

Kasu positiborik ez, azken orduetan

Andoni Elduaien 2021ko ira. 21a, 12:47

Kasu positiborik izan ez denez, intzidentzia tasak behera egin du puntu batzuk herrian. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako tasa, berriz, 115,79an kokatu da.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak duela minutu gutxi kaleratu ditu atzo, astelehena, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egindako PCR eta antigeno proben emaitzak. Txostenaren arabera, Azpeitian atzo ez zuten kasu positiborik hauteman. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasa, berriz, jaitsi egin da herrian. 236,53 tasarekin, eremu horian jarraitzen du Azpeitiak; Urola Kosta eskualdeko tasarik altuena duen 5.000 biztanletik gorako herria da Azpeitia.

Urola Kosta eskualdean, berriz, zazpi kasu positibo baieztatu ditu Osasun Sailak. Azkoitian zenbatu dituzte kasu positibo gehien: lau, guztira. Intzidentzia tasa, ordea, berdin-berdin mantendu da han, 191,94ko tasarekin. Kasu bana zenbatu dute, aldiz, Orion, Zestoan eta Zumaian. Orion 130,46ko intzidentzia tasarekin jarraitzen dute –atzoko bera–, Zestoan 128,40koa da –atzo 102,72koa zen– eta Zumaian 111,94koa –atzoko bera–.

Eskualdeko gainerako herrietan ez dute kasu positiborik atzeman. Intzidentzia tasei dagokienez, Azpeitian bezala behera egin du Zarautzen ere; 132,78koa da han. Aian –957,18– eta Getarian –35,34– atzoko kopuru berdinean mantendu dira datuak. Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen, berriz, hutsean dute intzidentzia tasa.

100eko langara hurbiltzen

Intzidentzia tasa 100eko langara hurbiltzen ari da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; izan ere, 115,79koa da gaur zenbatekoa. Hego Euskal Herrian 145 kasu positibo zenbatu zituzten atzo; horietatik 57 Bizkaian hauteman zituzten, 45 Gipuzkoan, 26 Nafarroan eta 11 Araban. Lurralde horietatik kanpo bizi diren beste sei lagunek ere eman zuten positibo. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 6.723 proba egin zituzten atzo, eta beraz, positibotasun tasa %1,8koa da. Nafarroan, aldiz, 2.027 proba egin zituzten, eta hori horrela, positibotasun tasa %1,3koa da.

Ospitaleen egoeraren berri ere eman dute Osakidetzak eta Osasunbideak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzo hamasei lagun ospitaleratu zituzten; egun, 114 pertsona daude Osakidetzaren mendeko erietxeetan, atzo baino hamar lagun gutxiago. ZIUn, ostera, 50 herritar daude gaixorik, atzo baino bi gutxiago. Nafarroan, bestalde, atzo hiru pertsona ospitaleratu zituzten, eta gaur-gaurkoz 45 dira Nafarroako erietxeetan dauden herritarrak. ZIUn, aldiz, hamabi lagun daude.