Ro musika taldea, Hiriko Soinuak musika jaialdiko finalean

Andoni Elduaien 2021ko ira. 20a, 12:02
Ro musika taldea osatzen duen boskotea. (Ro taldea)

Zapatuan egingo dute jaialdiaren finala Barakaldon (Bizkaia), eta Azkoitia-Azpeitia arteko musika taldearen txanda 21:00etan izango da. Jaialdirako gonbidapenak eskuratu daitezke dagoeneko.

Ro musika taldea Barakaldoko (Bizkaia) Hiriko Soinuak lehiaketa irabazteko finalean da. Azkoitia eta Azpeitia arteko musikariez osatuta dagoen taldea lehiaketako sari nagusia irabazteko hautagaietako bat da. El Viejo Chimango eta Unai dira lehiaketa irabazteko beste bi hautagaiak. Hiriko Soinuak Barakaldoko Udalaren kultur proiektu bat da, musika artistak bilatu eta horiek sustatzeko. Era berean, musika industriarekin lehen hartueman profesionala izateko eta musika kultura sustatzeko aukera ere eman nahi du proiektuak.

Datorren larunbatean, irailak 25, izango da musika lehiaketaren finala. Barakaldoko antzokian egingo dute jaialdia, eta 18:00etan irekiko dituzte ateak. Lehen kontzertua, ordea, 18:30ean hasiko da, eta Ro taldearen txanda 21:00etan izango da. Emanaldia amaitzean, epaimahaia bilduko da, eta 21:40ean sari banaketa ekitaldia hastea aurreikusi dute antolatzaileek. Jaialdirako gonbidapenak teatrobarakaldo.com webgunean aurki daitezke.

Rock instrumentala eta post-rock estiloak uztartzen dituen taldea da Ro musika taldea, eta Gorka Alcaldek –gitarra– Josu Usobiagak –bateria–, Iñigo Gonzalezek –gitarra– Mikel Iraetak –sintetizatzailea eta teklatua– eta Iker Amenabarrek –baxua– osatzen dute bostekoa.