Nerea Mendizabalek hitzaldia emango du ostegunean Basazabalen

Aitziber Arzallus 2021ko ira. 20a, 11:53

Iraurgi ikastetxeak Eskutik familia topaketak programa jarri du abian, eta egitasmo horren barruko lehen saioa izango da ostegunekoa. 18:30ean hasiko da, Basazabal jauregian. Edozein herritar joan daiteke hitzaldira, baina beharrezkoa izango da aurrez izena ematea 943-81 02 10 zenbakira deituta edo administrazioahh@iraurgi.com helbidera idatzi irailaren 21a baino lehen.

Iraurgi ikastetxeak Eskutik familia topaketak programa jarri du martxan, "haur, familia eta hezitzaileak elkartuko dituen gune bat" izateko asmoarekin. 0 eta 3 urte bitarteko haurrei eta haien familiei zuzendutako egitasmoa izango da, interesa duten guztientzat irekia, eta hainbat eratako saioak antolatuko dituzte ikasturtean zehar: haur masajea, musika saioak, material naturalekin esperimentazio saioak, psikomotrizitate saioak eta abar. Horiez gain, solasaldiak eta hausnarketarako saioak antolatzeko asmoa ere badute ikastetxeko hezitzaileen eta kanpoko profesionalen parte hartzearekin.

Programa horren baitako lehen jarduera ostegunerako, hilak 23, antolatu dute. Hain zuzen ere, Nerea Mendizabalek Oinarri sendoak haurtzaroan. Nola zaindu haurraren ongizatea bere heziketa prozesuan? Eskolaratzean, etxean edota bere egunerokoan hitzaldia emango du Basazabal jauregian, 18:30ean hasita. Interesa duen orok bertaratu ahal izango du hitzaldira, baina aurrez izena ematea beharrezkoa izango da 943-81 02 10 zenbakira deituta edota administrazioahh@iraurgi.com helbidera idatzita. Irailaren 21erako eman beharko da izena.