Euskal Kopa irabazi du Azkoitia-Azpeitia ISBk

Julene Frantzesena 2021ko ira. 19a, 19:43
Azkoitia-Azpeitia ISBko kideak koparekin. (Euskal Saskibaloi Federazioa)

Atzo Barakaldo garaituta, gaur Ibaizabalen aurka neurtu dituzte indarrak ISBko emakumeek. Partida guztian ezinean ibili dira Andoni Lazkanok zuzentzen duen taldeko jokalariak, baina azken laurdenean egoera irauli dute: 63 eta 56 irabazita, Azpeitira eta Azkoitira ekarriko dute Euskal Koparen garaikurra.

Balio handiko garaipena erdietsi du gaur, igandea, Azkoitia-Azpeitia ISB taldeak. Izan ere, Euskal Kopa irabazi dute Andoni Lazkanok gidatzen duen taldeko emakumeek. ISBko taldeak Ibaizabal izan du aurrez aurre Beasaingo Antzizar kiroldegian jokatu duten finalean, eta partida guztian markagailuan atzetik izan bada ere, garaipena lortu du Azkoitiko eta Azpeitiko taldeak. Hain zuzen ere, 63 eta 56 nagusitu da Iraurgi.

Lehen laurdena 14 eta 20 amaitu da, eta bigarrena, berriz, 30 eta 38. Atsedenaldira arte ezinean aritu dira ISBko jokalariak, baina pixkanaka, lortu dute egoera iraultzea. Hirugarren laurdena ere atzetik bukatu dute Azpeitiko eta Azkoitiko neskek, baina laugarrenean gailentzea lortu dute, eta zazpi puntuko aldearekin, ISBrentzat izan da aurtengo Euskal Kopa.

Datorren asteburuan ekingo dio LF Challenge ligari Azkoitia-Azpeitia ISBk, baina ohiko moduan, kopa jokatu dute denboraldia hasterako. Hiruko formatuan lehiatu dira Beasainen, eta atzo Barakaldo garaituta, gaurko finalerako txartela eskuratu zuen ISBk.