Azkoitia-Azpeitia ISBk garaipenarekin ekin dio Euskal Kopari

Andoni Elduaien 2021ko ira. 18a, 14:41
ISB eta Barakaldoren arteko neurketako irudi bat. (ESF)

ISBko nesken taldea aurretik izan zen une oro markagailuan, eta zazpi puntugatik irabazi zuen kopako lehen partida. Bihar, igandea, jokatuko du bigarren neurketa, Ibaizabalen aurka.

Azkoitia-Azpeitia ISBk datorren asteburuan ekingo dio LF Challenge liga txapelketari. Sasoi berria hasi aurretik, baina, Euskal Kopan murgilduta da Andoni Lazkano entrenatzailearen taldea. Hain zuzen ere, atzo, ostirala, jokatu zuen ISBk kopako lehen neurketa Beasaingo (Gipuzkoa) Antzizar kiroldegian, eta irabazi egin zion Barakaldori. 79 eta 72 hartu zuen mendean ISBk Barakaldoko saskibaloi taldea. 

Barakaldo, Ibaizabal eta ISB saskibaloi taldeak hiruko formatuan ari dira jokatzen emakumezkoen Euskal Kopa, Beasainen. Barakaldori irabazi ondoren, bihar, igandea, izango du ISBk kopako bigarren eta azken partida. Ibaizabalen aurka neurtuko dituzte indarrak, 18:00etan hasita. Gaur arratsaldean, berriz, Barakaldok eta Ibaizabalek beren arteko norgehiagoka jokatuko dute.