Koronabirusa Azpeitian

Hego Euskal Herrian 218 koronabirus kasu hauteman dituzte azken orduetan

Maria Maya Manterola 2021ko ira. 18a, 13:04

Positibotasun tasa zertxobait igo da atzotik, %3tik %3,6ra. Hala eta guztiz ere, Gipuzkoan hobera egin du egoerak; 48 kasu positibo zenbatu ditu Osasun Sailak lurraldean.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, atzo, ostirala, 5.240 PCR eta antigeno proba egin zituzten Hego Euskal Herrian; 218 lagunek eman zuten positibo. Bizkaian zenbatu zuten kasu gehien: 106, guztira. Gipuzkoan, aldiz, 48 kasu detektatu zituzten, Araban 40 eta Nafarroan 22. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako positibotasun tasak gora egin du zertxobait, %3tik %3,6ra, eta jaitsi egin da Nafarroan, %1,9tik %1,4ra.

Osakidetzaren adurapeko erietxeetan 30 lagun ospitaleratu behar izan zituzten atzo. Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, gaur gaurkoz 52 dira izurriaren ondorioz Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) dauden pertsonak. Nafarroan, berriz, 48 lagun daude ospitaleratuta, horietatik hamabost ZIUetan.