'Erraiak' dokumentalaren emanaldia izango da zapatuan

19:00etan hasiko da Ekain Martinez de Lizarduik zuzendutako eta Artemanekin elkarlanean gauzatutako lanaren emanaldia. Dagoeneko eskura daitezke sarrerak Kulturaz.eus webgunean, hiru euroren trukean. Irrintziarekin zerikusi zuzena duten hainbat herritarren testigantzak jaso dituzte dokumentalean.

Erraiak dokumentala ikusi ahal izango da datorren larunbatean Soreasu antzokian. 19:00etan hasiko da Ekain Martinez de Lizarduik zuzendutako eta Artemanekin elkarlanean gauzatutako lanaren emanaldia. Dagoeneko eskura daitezke sarrerak Kulturaz.eus webgunean, hiru euroren trukean –Baigerako bazkideek 1,5 euro ordaindu beharko dute, eta Kultur Bonoa dutenek doan ikusi ahal izango dute lana–. 33 minutuko ikus-entzunezkoa da Erraiak, eta Euskal Herrian ekoiztutakoa da. Irrintziarekin zerikusi zuzena duten hainbat herritarren testigantzak jaso dituzte dokumentalean.

Honako hau da lanaren sinopsia: "Kobazuloetatik datorkigun oihua. Entzun, sentitu eta kantatu egiten duguna. Hitzik gabeko hizkuntza. Erraietatik ateratzen zaiguna. Arbasoen oihartzuna. Baina noiztik dugu irrintzia gure artean? Bizirik jarraitzen al du XXI. mendean? Hauek eta beste hainbat galderen erantzuna bilatzen duen ariketa da Erraiak dokumentala. Euskal Herriko txoko ezberdinetan barrena murgilduz irrintziaren jatorria eta hedapenaren azterketa egin dugu. Ze eragin du irrintziak kostaldeko marinelen jardunean? Zer eragin barrualdeko bailaren egunerokoan?".

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide