Julian Bereziartua mediku ohia hil da

Julene Frantzesena 2021ko ira. 17a, 12:13
Julian Bereziartua bere kontsultan 2011n, erretiroa hartu baino hilabete lehenago. (Onintza Lete)

Gaur hil da, 86 urterekin. 11 urterekin kanpora joan zen ikastera, eta ordutik Azpeititik kanpo bizi izan da. 70 bat urterekin hartu zuen erretiroa, 45 urtez medikuntzan aritu ostean. Bereziartuak hainbat hedabidetan kolaboratu izan du urte luzez; tartean, Uztarrian. Gainera, Uztarria Kultur Koordinakundeak ohorezko bazkide izendatu zuen 2008an. Handik urtebetera Bereziartuari buruzko liburu biografikoa kaleratu zuen herri hedabideak.

Julian Bereziartua mediku azpeitiarra hil da gaur, ostirala, 86 urte zituela. Zuriko ezizenez ezaguna, 11 urte zituela kanpora joan zen ikastera, eta ordutik Azpeititik kanpo bizi izan da, nahiz eta azpeitiar "peto-petoa" izaten jarraitzen zuela esaten zuen berak eta herriarekin lotura estua izan duen.

Zaragozan (Espainia) egin zituen medikuntza ikasketak, eta Valladolideko Unibertsitatean kirurgian espezializatu zen. 45 urte egin zituen mediku lanetan; besteak beste, Zaragozako eta Donostiako ospitaleetan aritu zen lanean. Azpeitiko zezen plazako kirurgia arduraduna ere izan zen urte luzez. Azpeitian zuen kontsultara astean egun batzuetan ere etortzen zen. Dena den, 70 bat urterekin hartu zuen erretiroa, 45 urtez medikuntzan aritu ostean.

Bereziartuak hainbat hedabidetan kolaboratu izan du urte luzez, hala nola Uztarrian eta Euskadi Irratian. Idatzizko agerkarietan ehunka artikulu idatzi zituen, dozenaka Uztarrian, adibidez. Gainera, hainbat liburu kaleratutakoa zen: Comer y beber, fuentes de salud, El arte de comer y beber: cocina vasca, salud y placer eta Salud y cocina.

Honako lotura honetan irakur daiteke, erretiroa hartu baino hilabete lehenago, 2011n, Urola Kostako Hitzak Bereziartuari egin zion elkarrizketa.

Ohorezko bazkidea

Euskararen alde egindako lana aitortzeko, Uztarria Kultur Koordinakundeak elkarteko ohorezko bazkide izendatu zuen Julian Bereziartua 2008an. Garai batean, medikuak, botikarioak eta abar gaztelaniaz aritzen ziren lanean, baina Bereziartuak bere lanbidean ere euskarari garrantzia eman ziola azpimarratu zuen Uztarriak orduko ekitaldi hartan. Hain zuzen ere, Uztarriaren 11. ohorezko bazkidea izan zen Bereziartua.

Gainera, Uztarria Komunikazio Taldeak Bereziartuaren liburu biografikoa kaleratu zuen 2009an. Ander Ugarte kazetari azpeitiarrak idatzi zuen liburu hura, eta Uztarriaren biografien proiektuko lehen lana izan zen. 2015ean, berriz, merezimenduaren saria jaso zuen CAF-Elhuyar sariketan.