Gerra garaian herritik bota zituzten emakumeei aitortza, 85 urte eta gero

Mailo Oiarzabal 2021ko ira. 16a, 20:43

Azpeititik alde egiteko agindua jaso zuten zortzi emakumeren historia gogora ekarri dute gaur Basazabal jauregian, gerra hartan eta gerraostean askotariko pairamenak jasan zituzten emakume guztien izenean. Aitortza jaso duten emakumeen senitartekoek oroigarri bana jaso dute, Azpeitiko Udalak Aranzadi Zientzia elkartearekin elkarlanean antolatutako ekitaldian. Bideoa, hemen

Juana Agirre Oiarzabal, Catalina Bereziartua Altuna, Maria Ezeiza Salsamendi, Casiana Etxaniz Arrizabalaga, Joxepa Etxeberria Aizpuru, Maria Etxeberria Larrañaga, Isabel Gomez Azkune eta Maria Orbegozo Arzuaga. Zortzi emakume horiek Azpeititik bota zituzten 1936ko gerra garaian, Espainiako Errepublikaren kontra altxatutako tropek herria hartu eta gero; "batzutan beren jarrera politikoagatik, eta beste zenbaitetan aitak, semeak edo senarrak hartutako bideagatik, ezberdin pentsatzen zutenen ondoan egote hutsagatik", Nagore Alkorta alkateak azaldu duen gisara. "Mendeku ekintza" baten biktimak izan ziren guztiak, Aranzadi Zientzia elkarteko Javi Bucesek azpimarratu duenez, "seme-alaba txikienak eta adinekoak zaintzen geratu ziren emakumeen aurkako mendeku ekintza bat".

Datorren igandean, irailaren 19an, Francoren aldeko tropak Azpeitian sartu zirela 85 urte beteko dira, eta urteurren horren harira prestatu du udalak, Aranzadirekin elkarlanean, gaur Basazabal jauregian egin duten aitortza ekitaldia. Bi erakundeok memoria historikoa herritarren artean ezagutarazteko eta "gertatutakoaren inguruan egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatzeko" azken urteetan egindako lanaren fruituetako bat izan da gaurkoa. Aipatutako zortzi emakumeen seme-alabak, bilobak, ilobak, senideak... Belaunaldi ezberdinetako hainbat herritar elkartu dira Basazabalen, eta familia bakoitzak oroigarri bana jaso du; oroigarri horietan, beren senitartekoek jaso zituzten deserriratze aginduak eta bakoitza nora bidali zuten jasota zeuden, besteak beste.

Emakumeen gerra

"Historian gertaturiko eta herriko hainbat familietan sufrimendu asko eta mina eragindako gertakari bat gogoratu, eta historiari eta giza eskubide urraketei izen-abizenak jarri nahi izan  dizkiegu. Gaurkoan, emakume izenak izango dira guztiak, gainera", esan du Azpeitiko alkateak bere hitzartzean. "Urte luzez gizonen izen eta izanetik kontatu da gertaturikoa. Askotan esan izan da emakumeak isilik izan zirela urte luzez beldurragatik; protagonistek esan izan dute, kontatu izan dutela, baina ez dituela inork entzun. Guk zuen bidez, familien bidez, eta Javi Buces Azpeitiko memoria ikertu duen Aranzadiko historialariaren bidez, jaso dugu gaur oroituko ditugun giza eskubide urraketen berri", gaineratu du.

Gaur gogora ekarri dituzten zortzi emakumeak eta haiek pairatutako injustiziak isilean geratu edota denboran galdu diren beste hainbaten erakusgarri direla nabarmendu du, izan ere, Alkortak: "Badira gerra garaian zigor ekonomikoak jaso zituztenak, ilea moztu zietenak, kartzelan egon zirenak...Guzti horiengatik, jarraituko dugu historiari izenak jartzen, memoria zabaltzen, eta egia, justizia eta erreparazioaren bidean lanean".

Deserriratze aginduak jaso zituzten emakume haiek 48 ordu baino gutxiagoko epean bota zituzten beren etxeetatik, seme-alaba txikiekin batera, kasu askotan. "Gero, pixkanaka bueltatu ziren etxera, baina estigmatizazio sozialak urteetan iraun zuen", azaldu du Bucesek.

Zortzi emakume, zortzi amesgaizto

Hauek dira, laburtuta, gaur oroitu dituzten emakumeen deserriratze bizipenak:

Juana Agirre: Herritik bota zuten senarra, Francisco Errasti Trukuman praktikantea, Eusko Gudarosteko Osasun zerbitzuko kidea, non zen ez zekitelako. Hasieran Iruñera abiatu zen, baina azkenean Lazkaon lortu zuen bizitokia, ahizpa baten etxean. Haurdun zegoen.

Catalina Bereziartua: Nazionalista zen Catalina, eta sindikatuta egon zen Errepublika garaian. Altxatutako tropak Azpeitian sartu zirenean Atxubiaga baserrian egon zen denboraldi batez, ezkutatuta. Azkenean, Nafarroara deserritu zuten, eta han egon zen hilabetez edo.

Maria Ezeiza: Juan,Alejandro eta gerrako frontean hildako Moises Campos Ezeiza milizianoen ama zen. Horregatik erbesteratu zuten sorterrira.

Casiana Etxaniz: Lau seme-alaba adingabeekin batera bota zuten Casiana Azpeititik 1937ko otsailean, Emilio Gomez del Villar komandante militarraren aginduz. Aurretik, 1936ko urrian, Azpeitiko Junta de Guerra Carlista delakoak 500 pezetako isuna jarria zion. Nafarroako Ollakarizketa herrira joan ziren, familiako bat bizi zen herrira, hain zuzen ere. Astebetez egon zen Carmen herri hartan, eta Luis eta Carmelo, berriz, bi astez, eta Casiana eta seme gazteena, Imanol, hilabetez. Bitartean, Casianaren senarra, Carmelo, eta seme zaharrena, Jose, erbestera joan ziren. Filipinetan amaitu zuten azkenean. Antoniok (beste seme bat) langileen batailoi batean amaitu zuen gatibu, Loyola batailoiarekin borrokan ibili ondoren.

Joxepa Etxeberria: Bere lau seme-alabekin batera etxea uztera behartu zuten, bere senarra gerrako frentean aurkitzen zelako. Hilabetez Nafarroako Betelu herrian babes hartu eta gero, indultua komunikatu ondoren Beizamara itzuli ziren.

Maria Etxeberria: Maria, 3 eta 4 urteko seme-alabekin batera, Odriozolaundi baserrianegon zen bi urtez ezkutatuta, Azpeititik bidaltzeko agindua etorri ondoren. Egozten zieten delitua: Maximiano Egibar Arregi milizianoaren emaztea eta seme-alabak izatea.

Isabel Gomez: Azpeitian altxatutako tropak sartu aurretik, Isabelek Azpeititik ihes egin zuen adin txikiko bi alabak hartuta, eta Aizarnazabalen babes hartu zuen hamabost egunez. Azpeitira itzuli ostean, erbesteratze agindua jaso zuen, gizona eta gainerako seme-alabak herritik kanpo zeudelako. Baina senitarteko bati esker, Azpeitian geratu ahal izan ziren. Matxinatutako soldaduen uniformeak jostera behartu zuten.

María Orbegozo: Herria utzi eta Etxalarrera joateko agindua jaso zuen Mariak, zigor gisa, senarra (Rufino Larrañaga Iriarte Kinttela) gerrako frontean altxatutako tropen aurka borrokan zebilela eta. Etxalarrera joan beharrean, Orion ezkutatu zen Maria, Jone alaba txikiarekin batera, Rufinoren anaia baten etxean. Bitartean, beste hiru seme-alabak familiako beste batek hartu behar izan zituen etxean, Azpeitian.