Koronabirusa Azpeitian

Bost positibo baieztatu dituzte herrian

Aitziber Arzallus 2021ko ira. 16a, 13:18

Intzidentzia tasak zertxobait gora egin du, baina, hala ere, eremu horian jarraitzen du Azpeitiak. Urola Kostan 11 positibo atzeman dituzte, eta Hego Euskal Herrian, 264.

Eusko Jaurlaritzak kaleratu du koronabirusaren bilakaeraren inguruko eguerdiroko txostena, eta horren arabera, atzo bost positibo atzeman zituzten herrian. Ondorioz, koska bat gora egin du intzidentzia tasak, 216,82tik 223,39ra.  

Urola Kostan, berriz, 11 positibo atzeman zituzten; herenegun baino sei gutxiago. Azpeitikoez gain, bost kasu baieztatu zituzten Zarautzen, eta bestea, Aian. Bi herri horietan ere zertxobait gora egin du intzidentzia tasak: Zarautzen 119,93tik 132,78ra; eta Aian 705,97tik 906,80ra. Dena dela, eremu horian jarraitzen dute Azpeitiak eta Zarautzek, eta koloreen eskematik kanpo Aiak, 5.000 biztanle baino gutxiago dituelako.

Eskualdeko gainontzeko herrietan, lasaitasuna nagusi, azken orduetan ez baitute positiborik atzeman. Horrenbestez, lehengoan jarraitu dute edo zertxobait jaitsi egin da horietako intzidentzia tasak. 5.000 biztanletik gorako herri guztiak eremu horian daude; Azkoitia 223,66ko tasarekin, Orio 130,34koarekin eta Zumaia 142,46koarekin. 

Egoera, egonkor

Hego Euskal Herrian, berriz, koronabirusa atzemateko 7.668 proba egin zituzten atzo, eta horietatik 264k eman zuten positibo; %3k baino zertxobait gehiagok. Herenegun baino 24 positibo gehiago diren arren, egoerak nahiko bare jarraitzen du. Lurraldeka, Bizkaian baieztatu dituzte kasu berri gehien: 131. Gipuzkoan 64 izan dira, Nafarroan 49 eta Araban hemezortzi.

Erietxeetako egoerak ez du gorabehera handirik izan. Uneotan COVID-19ak jotako 218 lagun daude Osakidetzaren mendeko zentroetan, horietatik 52 Zainketa Intentsiboen Unitateetan (ZIU). Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 40 lagun ospitaleratu zituzten atzo, eta Nafarroan bat bera ere ez.