Salgai daude Txisteratik Eguneko gala nagusirako sarrerak

Maialen Etxaniz 2021ko ira. 16a, 13:00

Urriaren 2an izango da aurtengo Txisteratik Egun Magikoaren gala nagusia, 19:00etan hasita, Soreasu antzokian. Egun horretan Iagomago, Jaime Figueroa, Gisell, Dala Illusions bikotea eta Imanol Ituño igoko dira agertokira, ikusleen gozamenerako.

Beste urte batez, magiaz jantziko da Azpeitia. Izan ere, urriaren 1ean eta 2an egingo dute Txisteratik Egun Magikoaren bosgarren edizioa, eta dagoneko ia dena prest dute antolatzaileek. Aurtengo Txisteratik berrikuntzekin dator, uztailean jakinarazi bezala, gertuko magia lehiaketa antolatu baitute aurtengoan. Dena den, urteroko osagaiak ez dira faltako, eta gala nagusiak ez du hutsik egingo. Dagoeneko eskuragarri daude galarako sarrerak, honako lotura honetan
 
Urriaren 2an izango da Txisteratik Egun Magikoaren barruko gala nagusia, 19:00etan hasita, Soreasu antzokian. Aurten, Iagomago, Jaime Figueroa, Gisell, Dala Illusions bikotea eta Imanol Ituño igoko dira agertokira, eta haiek arduratuko dira ikusleak txundituta uzteaz. 
 

Ekintza berriekin osatutako egitaraua

Bi eguneko egitaraua antolatu dute aurtengorako, eta askotariko ekintzak prestatu dituzte. Urriaren 1ean, ostiralez, gertuko magia lehiaketa izango da Dinamoa sormen gunean, 19:00etan hasita. Ondoren, 22:30ean, Jaime Figueroak hitzaldia eskainiko du Dinamoan bertan eta horretarako izena eman beharko da aurrez. 

Urriaren 2an, Txisteratik egitasmoari esker ohitura bihurtu den gertuko magia eskainiko dute Alde Zaharreko kaleetan barrena, 12:30ean hasita. Arratsaldean, 16.30etik 19:00etara Julen eta Aritz magoek emanaldia eskainiko dute Azoka Plazan. 19:00etan hasiko den gala nagusiak borobilduko du egitaraua. 

Gertuko magia eta magia-poteo lehiaketa

Aurten, bi lehiaketa izango dira Txisteratik egitasmoaren barruan: lehen egunean Gertuko Magia Lehiaketa, eta bigarrenean, Magia-poteo lehiaketa. Interesa dutenek dagoeneko eman dezakete izena bi ekintza horietan, Txisteratiken webgunearen bitartez. Gertuko Magia Lehiaketari dagokionez, edonork parte har dezake bertan, izen-emate orria betez eta bertan zehazten den prezioa ordainduz gero —60 edo 70 euro—. Gehienez, zortzi pertsonak parte hartuko dute lehiaketan, eta horien izenak irailean jakinaraziko ditu antolakuntzak; ordutik aurrera, ez dute parte-hartzaile gehiagoren izen-ematerik onartuko. Bestalde, gertuko edo aretoko magia soilik onartuko da, lehiaketa gauzatuko den espazioetan magia egiteko baldintzak bete beharko direlako, eta ikuskizunek 5 eta 10 minutu artean iraun beharko dutelako. Epaimahaia mago profesionalek eta Txisteratikeko antolatzaileek osatuko dute, eta haien erabakia aldaezina eta erabatekoa izango da. Irabazleak garaikurra eta 250 euroko bonua jasoko du, Undermagic magia dendan gastatzeko.
 

Honako lotura honetan eman behar da txapelketa horretarako izena, eta bertan zehazten da zein datu helarazi behar diren eta ordaindutako prezioaren barruan zein zerbitzu eskaintzen diren.

Magia-poteo lehiaketari dagokionez, berriz, herriko kaleetan magia egitean datza. Topaketara ikusle joaten den edonork parte hartu dezake bertan, baina horretarako, aurrez izena eman beharko da. Lehiaketako epaimahaia publiko artean ibiliko da, eta arratsaldeko Gala Nagusian jakinaraziko dute zein den txapeldunaren izena. Magia-poteo lehiaketaren saria honakoa izango da: Txisteratik Egun Magikoaren seigarren edizioan kontratatua izatea. Parte hartzen dutenei galarako nahiz arratsaldeko magia ikuskizunerako sarrerak oparituko dizkiete. Honako lotura honetan agertzen den galdetegia bete behar da izena emateko.