Hiru partida, hiru berdinketa

Aitziber Arzallus 2021ko ira. 16a, 09:30

Vitoriaren kontra hutsean berdindu du Lagun Onakeko lehen taldeak, eta sailkapeneko hamahirugarren lekuan dira azpeitiarrak. Zapatuan jokatuko dute hurrengo partida, Garmendipen, Barakaldoren kontra. 17:00etan hasiko da norgehiagoka.

Lagun Onakeko gizonezkoen lehen taldeak atzo arratsaldean jokatu zuen Espainiako Hirugarren Mailako ligako hirugarren jardunaldiari zegokion partida. Ander Avellanedaren mutilek Vitoria taldearen kontra neurtu zituzten indarrak, 19:30ean hasita, Eibarren. Norgehiagoka gogorra espero zuten azpeitiarrek, eta halaxe izan zen, Vitoria ez baita edonolako taldea. Presioari ondo eutsi zioten Lagun Onakeko jokalariek eta gol aukeraren bat edo beste sortzeko gai ere izan ziren; bietako inor ez zen izan, ordea, aurkariaren atea zulatzeko gai. Horrenbestez, hutsean berdinduta iritsi ziren partidaren bukaerara eta puntu banarekin konformatu behar izan zuten bi taldeek.

Jokatu dituzten hiru partidak berdinduta, hiru punturekin, sailkapeneko hamahirugarren lekuan dago Lagun Onak. Hurrengo partida larunbatean jokatuko du, etxean, Barakaldoren kontra, 17:00etan hasita.