Lagun Onakeko emakumeen talde nagusia, denboraldiari ekiteko prest

Mailo Oiarzabal 2021ko ira. 16a, 15:16
Lagun Onakeko jokalariak, atzoko entrenamendu saioan.

Eibarren zelaian ekingo dio taldeak Emakumezkoen Ohorezko Erregional mailako ligari. Udaberrian, ezohiko liga laburraren ondoren igoera fasea jokatzera iritsi zen taldea. Talde gaztegoa dute aurten, ligak ohiko iraupena izango du eta "maila hobea" izango dela dio Unai Urbizu entrenatzaileak, baina ez du ezer baztertzen.

Emakumezkoen Ohorezko Erregional mailako liga asteburu honetan hasiko da, eta Lagun Onaken emakumeen talde nagusia prest dago sasoi berriari ekiteko. Eibarren kontra jokatuko dute lehen jardunaldian Azpeitikoek, iazko txapeldunaren kontra, beraz; igandean izango da neurketa, 12:00etan hasita, Unbeko zelaian.

Abuztuaren 17an hasi zen Lagun Onak denboraldi berrirako prestatzen, eta denboraldi aurrean taldeak "behetik gorako bidea" egin duela dio Unai Urbizu entrenatzaileak, jokatu dituzten hiru lagunartekoak aipatuta: "Lehendabizikoan Hernanik egurra eman zigun. Beste biak, aldiz, Mutrikuren eta Aranbizkarraren kontra, erraz irabazi ditugu".

Aldaketak

Hogei jokalarirekin ekingo dio ligari Lagun Onakek. Asko izan ez arren, aldaketa aipagarri batzuk baditu taldeak aurreko denboraldiarekiko: Joane Kortak Oiartzunekin fitxatu du, eta Nahia Plazaola atezainak eta Ane Balentziagak taldea utzi dute, futbola lanarekin uztartzeko zailtasunengatik batak, eta ikastera urrutira joan delako besteak. "Ane Errazu atezaina ekarri dugu Azkoititik, eta gainerakoan gure kadeteen taldean ari ziren gazteekin osatu dugu taldea. Iaz COVID-19a eta ikasketak tarteko taldea utzi zuten bi jokalari ere itzuli dira aurten taldera", kontatu du Urbizuk. Joan den denboraldiarekin alderatuta, "talde gazteagoa" dutela nabarmendu du entrenatzaileak. Orain arte ikusitakoarekin gustura dago, taldeak "itxura ona atera" duelako, baina ez dio helburu zehatzik ezarri nahi oraingoz.

Udaberrian, Euskal Ligarako igoera fasea jokatu zuen Lagun Onakek –Añorgak kanporatu zuen finalaurrekoan–, baina Urbizuk nahiago du alderaketarik ez egitea. Futboleko gainerako lehiaketek bezala, ohiko itxura berreskuratuko du Emakumezkoen Ohorezko Erregional mailak; 2020-2021ean pandemiaren eraginez ezohiko liga laburra eta multzoka banatuta jokatu ondoren, ohiko iraupena eta hamabost taldeko multzo bakarra berreskuratuko ditu hastear den 2021-2022 denboraldian. Txapelketa bera desberdina izateaz gain, lehiaketak "maila hobea" izango duela aurreikusten du Lagun Onaken entrenatzaileak, Euskal Ligatik jaitsi diren taldeengatik, batetik (Hernani, Oiartzun B...), edota joan den sasoian liga irabazi arren Emakumezkoen Ohorezko Erregional mailan jarraituko duen Eibarrengatik. "Itxura batera zailagoa ematen du ligak aurten. Gu partidaz partida joango gara, eta ikusiko dugu nora iristen garen. Momentuz, behintzat, sentsazioak onak dira", dio entrenatzaileak.

Urbizuk joan den denboraldian hartu zuen Lagun Onaken emakumeen talde nagusia. Bigarren deboraldia da beretzat taldearekin hastear dagoena; sasoi honetan, gainera, Lagun Onaken emakumeen taldeen koordinatzaile lana ere beregain hartu du. Lantalde teknikoari dagokionez, aurten ere Aitor Exposito eta Xuban Peña izango dira Urbizuren laguntzaileak, eta Iraide Leundak jarraituko du taldearen delegatua izaten.