Koronabirusa Azpeitian

Bost positibo atzeman zituzten atzo herrian, azken hiru asteetan egun bakarrean izan den kopuru handiena

IƱigo Gaiton 2021ko ira. 15a, 13:45

Intzidentzia metatuaren tasa puntu batzuk igo da, 216,82n kokatzeko. 45 lagun hil dira irailaren azken astean Hego Euskal Herrian COVID-19arekin positibo emanda, aurreko astean baino hamar gehiago.

Eusko Jaurlaritzak argitaratu du egoera epidemiologikoaren gaineko txosten eguneratua, eta horren arabera, Urola Kostan hamazazpi kasu positibo detektatu dira azken orduetan, herenegun baino bi gutxiago. Azpeitian atzeman dituzte kasu gehien, bost. Abuztuaren 24az geroztik –orduan zortzi izan ziren– egun bakarrean pilatutako positibo kopuru handiena da atzokoa. 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia metatuaren tasak ere gora egin du zertxobait herenegundik, 216,82n kokatzeko.

Azkoitian lau positibo izan dira, eta Azpeitian bezala, han ere eremu horian daude, 242,01eko tasarekin. Aian herenegun bederatzi kasu detektatu ostean, azken orduetako zifrak apaltzera egin du, eta hiru positibo atzeman dituzte herrian; azken egunetako datuen ondorioz, 856,42ko tasa dute. Zarautzen ere –119,93ko tasarekin, eremu horian– hiru positibo zenbatu dituzte, eta Orion bi –130,46ko tasarekin, eremu horian–. 

Eskualdeko gainontzeko herrietan ez da positiborik izan. Aizarnazabalek, Beizamak eta Errezilek hutsean dute intzidentzia tasa. Getarian 35,34koa da zifra, Zestoan 128,40koa, eta Zumaian 152,64koa.

45 hildako astebetean

Irailaren 6tik 12ra COVID-19arekin positibo emandako hildako gaixoen berri eman du gaur Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak: aurreko astean, 44 lagun hil ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan hildako gaixo bakarrarekin, 45 dira guztira joan den astean Hego Euskal Herrian hildakoak, aurreko astean baino hamar gehiago.

Heriotzen datua ez bezala, apaltzen doa positibotasuna. Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian 240 kasu positibo zenbatu zituzten atzo, 8.065 test egin eta gero. Horietatik 20 Araban izan ziren, 102 Bizkaian, 70 Gipuzkoan, 45 Nafarroan, eta hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren pertsonenak.

Erietxeei dagokienez, azken orduetan koronabirusak jotako 28 lagun ospitaleratu dituzte Osakidetzaren mendeko osasun zentroetan. Orotara, 161 lagun daude ospitaleratuta, horietatik 53 ZIUetan. Nafarroan, berriz, hiru lagun baino ez dituzte ospitaleratu COVID-19aren ondorioz, eta gaur-gaurkoz, 61 lagun daude COVID-19aren ondorioz Nafarroako erietxeetan., horietatik hamabost ZIUetan.