Eskaintza zabaldu dute, eskola kirola "egokitua eta inklusiboa" izan dadin

Maialen Etxaniz 2021ko ira. 15a, 15:35
Azpeitiko eta Azkoitiko Udaletako, Marea Urdinako, Foru Aldundiko eta Kirol Egokituen Federazioko ordezkariak, aurkezpenean. (Maialen Etxaniz)

Aurrerantzean, aniztasun funtzionala duten haur eta gazteek eskola kirol egokituaz gozatzeko aukera izango dute Azpeitian zein Azkoitian. Horretarako eskaintza zabaldu dute bi herrietan, eta izen-ematea zabalik dago jada. Eskaintza 8 urtetik 12 urtera arteko gaztetxoei eta 12 urtetik gorakoei dago zuzenduta. Egitasmoaren bitartez kirolari "buelta bat" ematea dute xede, kirol egokitua etorkizunean kirol inklusiboa izan dadin. Erakundeen arteko elkarlanaren emaitza da egindako urratsa. Gaur egun Urola Erdiko ikasleen %6ak du aniztasun funtzionala.

Aniztasun funtzionala duten haur eta gazteek eskola kirolaz gozatzeko aukera izango dute aurrentzean. Gaur eman dituzte eskaintza berriaren inguruko xehetasunak Azpeitiko Udaleko zinegotzi Josu Labakak, Azkoitiko Udaleko zinegotzi Sonia Vazquezek, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkari Unai Azurmendik, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko zuzendari Amaia Elizondok eta Marea Urdinako kide Aritz Orbegozok. Izan ere, ireki berri duten kirol eskaintza erakundeen arteko elkarlanaren emaitza da. Hala nabarmendu dute gaur egindako agerraldian. 

Eman diezaiogun buelta bat kirolari lelo hartuta ireki dute Eskola Kirol Egokituko (EKE) eskaintza, hori baita lortu nahi dutena, urratsez urrats, eskola kirola egokitua eta inklusiboa izatea. Erakundeek jakinarazi dutenez, gaur egun Urola Erdiko ikasleen %6ak du aniztasun funtzionala. Josu Labaka zinegotziak nabarmendu du ikasle horientzako eskaintzarik ez zegoela lehen, eta orain egindakoa "integraziora bidean emandako pauso garrantzitsua" dela. "Kirolak eragin zuzena du herritarren osasun fisikoan nahiz buruko osasunean. Horregatik pentsatzen dugu kirola beharrezko baliabidea dela haur eta nerabe horien bizi kalitatean eragiteko", gaineratu du Labakak. Ildo beretik mintzatu dira gainerako erakundeetako ordezkariak ere, eta denek eskola kirol egokituaren eskaintza zabaltzearen garrantzia jarri dute mahaigainean. Kirol Egokituen Federazioko zuzendari Amaia Elizondok nabarmendu du "hilabetetako lanaren emaitza" dela egindakoa. Haren hitzetan, aniztasun funtzionala duten haurren eskubideak "urratuta" egon dira orain arte. Elizondok kirola "integraziorako erreminta nagusietako bat " dela esan du, eta horren harira dei egin die haurrei eta familiei eskaintza berriaz goza dezaten.  "Batzuetan konfiantza falta izaten dugu, baina ziur gaude prestatutako eskaintzak beharrezkoak diren osagai guztiak dituela", gaineratu du. Foru Aldundiko ordezkari Unai Azurmendik erakundeen jarrera eta lana txalotu du. Haren hitzetan, EKE egitasmoa "zegoen gabezi bat tapatzeko" jarri zuen martxan Foru Aldundiak, baina nabarmendu du Azpeitian eta Azkoitian udalak izango direla gabezi hori tapatuko dutenak, "inklusioa bere egin dutelako". Izan ere, bi udalak izango dira eskaintzaren kudeaketaz arduratuko direnak, ikastetxeen bitartez, besteak beste. 

Aritz Orbegozok, Marea Urdinaren izenean, ideia bat nabarmendu nahi izan du: "Behar bereziak dituzten haurrez edo pertsonez hitz egiten da sarritan, baina behar bereziak dituztenak ez dira haur edo pertsona hauek, erakundeek, ikastetxeek edota kirolak dituzte behar bereziak haur eta pertsona hauen ohiko beharrei erantzuteko". Zentzu horretan, gaur aurkeztu duten eskaintza "sukaldean egindako lanaren emaitza" dela esan du, erakundeei eskerrak eman eta interesa duten herritarrei kirol egokitura animatzeko deia egitearekin batera. 

Eskaintzaren xehetasunak

Eskaintza adinaren araberakoa izango da. Azpeitian, 8 urtetik 12 urtera arteko gaztetxoek (Lehen Hezkuntzakoek) astean bi saio egiteko aukera izango dute ikasturte osoan zehar, astelehenetan eta asteazkenetan, 18:00etatik 18:30era. Tokia eta orduak izena ematen duten ikasleen arabera antolatuko dituzte. Argibideak jaso edo izen-ematea egin nahi dutenek ikastetxeetako eskola kirol koordinatzailearen bitartez egin beharko dute. 

12 urtetik gorako nerabe eta gazteei zuzendutako eskaintza Udal Kirol Patronatuko jarduera-eskaintzaren inguruan antolatuta dago. Parte-hartzaileek astean bi saio egingo dituzte, horiek ere astelehenetan eta asteazkenetan, 18:00etatik 18:50era.  Sustatzaileek azaldu dutenez, ikastaro horien helburua da Kirol Patronatuaren bitartez egiten den eskaintza aniztasun funtzionala duten ikasleei aurkeztea, eta "kirol normalizatuko ekintzetara bideratutako inklusio ahaleginak eta probak egitea". 12 urtetik gorakoen eskaintza ordainpekoa izango da, eta izen-ematea Udal Igerilekuko harreran egin beharko da. Kirol Patronatuko bazkideek 18,76 euro ordaindu beharko dute, eta bazkide ez direnek 32,84 euro.