SORMEN BEKAK

'Eklektiko', diziplina desberdinetatik abiatutako esperimentazio prozesuaren emaitza

Maialen Etxaniz 2021ko ira. 14a, 13:24
Leire Agirre eta Jone Iruretagoiena, Sormen Beken aurkezpen irekian. (Kulturaz kooperatiba)

Leire Agirre azpeitiarrak eta Jone Iruretagoiena zarauztarrak Eklektiko izeneko proiektua aurkeztu zuten 2020ko Sormen Beketara, barnean zituzten ideiak nahiz grinak kanporatu eta horien bueltan elkarrekin esperimentatzeko. Epaimahaiak hala erabakita, egonaldi beka eskuratu zuten bi sortzaile gazteek, eta horri esker ondu dute lana. Orain, proiektua jendeari nola erakutsi pentsatzen ari dira, baina badituzte aurrera begirako ideia berriak ere. 

Leire Agirrek (Azpeitia, 1997) eta Jone Iruretagoienak (Zarautz, 1995) elkarrekin egin zituzten Arte Ederren graduko ikasketak, eta betitik izan dute interesa artearen irakaskuntzan. Gradua bukatu eta urtebetera berriro elkartu ziren, elkarrekin proiektu berriei ekiteko asmoz, eta orduan izan zuten, “kasualitatez”, Sormen Beken berri. “Arteko sormen tailerrak antolatzeko grina genuen, haurrei zuzendutako eskolaz kanpoko ekintzak antolatu nahian genbiltzan, eta horretan ari ginela jaso genuen Sormen Beken berri”, kontatu dute. Deialdira animatu ziren, hura “momentu ona” zelakoan: “Elkarrekin sortzen hasteko aukera eman zigun; tailerrak sortzen hasi aurretik gure sormen propioari bide emateko eta modu horretan baita elkarren arte-interesak hobeto ezagutzeko aukera ere”. Horrela sortu zen ἐκλεκτικός (Eklektiko) proiektua.

Grekora jo dute bi sortzaileek beren proiektuari izena jartzerako orduan. Zergatik, ordea? “Hitzaren oinarrira jo genuen, eklektiko hitzak “aukeratzen dena” esan nahi baitu, eta guk hori egin behar genuen, genituen ideia interesgarrien edo elkarbanatzen genituen horien artean aukeratu, elkarrekin uztartuz proiektua gorpuzteko. Eskola, estilo edo pentsaera desberdinetako elementuak era malgu batean bateratzeko joera duen estiloa da eklektizismoa, eta gure proiektua horrekin alderatu nahi genuen”. 

Sortzaileen hitzetan, arte diziplina bat baino gehiago barnebiltzen dituen proiektua da Eklektiko. Izan ere, Agirrek eta Iruretagoienak ez dituzte joera berdinak sortzerako unean. Haiek azaldu dutenez, nahiz eta Arte Ederren graduan diziplina asko jorratu izan zituzten, Agirrek pintura aldetik jo izan du gehienbat, eta Iruretagoienak gehiago jo izan du arte objektu edo eskultura aldetik. “Beka honek aukera eman digu bi joerak elkartzeko eta elkarrekin diziplina desberdinak probatzeko”.

Dinamoan egindako lanen emaitzetako bi. 

"Libre" esperimentatzeko aukera

Eklektikoren sormen prozesua beren galaxiatik abiatutako “esperimentazio prozesua” izan dela kontatu dute bi sortzaileek. “Aurreneko unetik guretzat artista eta artelan erreferenteak zirenak bildu genituen, eta horiekin galaxia bat sortu genuen. Galaxia hori izan da gure abiapuntua, hau da, biok atsegin genituen artisten lanei begira sortzen joan gara. Aurreneko unetik obra bat aukeratu genuen bion artean, eta hori erreferentzia gisa hartuta, bakoitzak bere aldetik ekoizpen bat sortu genuen. Bi horiek ikusi, alderatu eta hortik abiatu zen sormen prozesu guztia”, azaldu dute. Proiektua gauzatzen hasteko, askotariko materialak bildu zituzten, ondoren elkarrekin uztartzeko.

Agirrek eta Iruretagoienak barruan zituzten grinak askatzeko modu bat izan da Eklektiko, hezkuntza formalean horren ohikoa den balorazioetatik urrun. “Libre” aritzeko aukera horrek asko lagundu diela aitortu dute: “Barruan genituen nahiak eta ideiak modu libre batean askatzeko eta adierazteko bilatu dugun momentu bat izan da sormen prozesua. Ebaluaziorik izango ez duen proiektu bat izateak bildurrik gabe eta libreki sortzen lagundu digu. Arte Ederren graduan egiten genituen lanean atzean beti zegoen ebaluazio bat, eta horrek askatasuna mugatzen zigun. Sormen Bekari esker aurreneko aldiz elkarrekin modu libre batean lan egiteko aukera izan dugu”.

Orain, egindako lana jendeari erakutsi nahi diote, eta horretarako erakusketa edo instalazio bat sortzeko asmoa dutela aurreratu dute. Gainera, Sormen Bekari esker izandako esperientziak sortzen jarraitzeko bultzada eman diela azaldu dute Agirrek eta Iruretagoienak: "Erakusketa prestatzeko asmoa dugu, eta beka deialdi gehiagotan izena ematera animatuko garela uste dugu. Bestalde, hasieran geneukan arte tailerren ideiak hor jarraitzen du. Gainera, beka honek lagundu digu elkar hobeto ezagutzeko eta zer eskaini dezakegun pentsatzeko".

Guztira, hamabi proiektu aurkeztu zituzten iazko deialdira, eta horietatik lau proiektu eta bi sormen egonaldi lagundu zituzten Azpeitiko Udalak eta Kulturaz kooperatibak. Horien artean, Leire Agirrek Jone Iruretagoienarekin batera ondutakoa, Unai Bidasororen Entresaka proiektua eta Elba Azpillagaren Kultur ondarearen katalogazioa