Udako etenaren ostean, zinema saioak Soreasura itzuliko dira asteburuan

Ihintza Elustondo 2021ko ira. 15a, 08:25

Nora filma emango dute larunbatean 22:00etan, igandean 19:30ean eta astelehenean 21:00etan. Igandean, berriz, haurrentzako D'Ortagnan eta Hiru Mosketxakurrak ikusi ahal izango da, 16:30ean.

Ekainaz geroztik ohiko zinema saioak etenda izan ostean, asteburuan berriro ekingo diete emanaldiei Soreasu antzokian. Hain zuzen ere, Lara Izagirre zinemagile bizkaitarraren Nora filma emango dute datozen egunetan; larunbatean 22:00etan, igandean 19:30ean eta astelehenean 21:00etan izango dira saioak. Era berean, haurrentzako D'Ortagnan eta Hiru Mosketxakurrak ikusi ahal izango da igandean, 16:30ean. Sarrerak salgai daude dagoeneko, Kulturazen webgunean.

Iazko Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten Nora filma, eta duela gutxi hasi dira ematen ohiko zinema aretoetan. Nora izeneko 30 urteko emakume baten istorioa kontatzen du ikus-entzunezkoak. Haren aitona hiltzean, auto zahar bat hartu eta bidaia bat abiatuko du protagonistak Euskal Herrian barrena, aitonaren errautsak amonaren ondora eramateko. Ane Pikazak gorpuztu du Nora protagonista, eta beste hainbat euskal aktorek ere parte hartu dute filmean, hala nola Iñigo Aranbarrik, Ramon Bareak, Klara Badiolak, Kepa Errastik, Loli Astorekak, Joseba Usabiagak, Aia Krusek eta Itziar Ituñok.

D'Ortagnan eta Hiru Mosketxakurrak filma, berriz, Toni Garciak zuzendutako animaziozko lana da. D 'Ortagnan gaztearen istorioa kontatzen du, Mosketxakur izateko ametsa betetzera Parisera doan mutil sutsu eta errugabearena.