Martxan da Guka Argazki Lehiaketako bozketa

Uztarria.eus 2021ko ira. 13a, 17:27

Bukatu da Guka Argazki Lehiaketan parte hartu ahal izateko epea, eta gaur ireki da bozkatzekoa; irailaren 24ra bitartean bozkatu ahal izango dute UKTren hedabideetako irakurleek argazki gustukoena.

Amaitu da Guka Argazki Lehiaketan parte hartzeko epea. 100dik gora argazki jaso ditugu, eta guztiak ikusgai daude dagoeneko Zarauzko Hitzaren webgunean, Guka Argazki Lehiaketaren kanalean. Lehiaketa azken fasean sartu da, eta argazkiak bozkatzeko aukera izango da aurrerantzean.

Gaurtik irailaren 24ra bitartean eman ahal izango du webguneko erabiltzaile bakoitzak botoa, Guka Argazki Lehiaketaren orrialdean. Pertsona bakoitzak lehiaketan parte hartu duten hiru argazkiri eman ahalko die botoa, gailu bakoitzetik behin bakarrik. Argazkien aukeraketa egindakoan, izen abizenak, e-posta eta telefono zenbakia zehaztu beharko ditu erabiltzaileak zozketan sartu ahal izateko. Honako lotura honetan eman daiteke botoa. Behin bozketa amaituta, boto gehien jaso dituen argazkigileak txakolindegi batera bisita, hamaiketakoa eta bi botila eskuratuko ditu.

Sari gehiago

Erabiltzaileen Saria ez da izango, ordea, Guka Argazki Lehiaketan banatuko den sari bakarra. Botoa ematen duten erabiltzaile guztiak paddle surfean Oria ibaian ibilaldia lortzeko zozketan sartuko dira.

Eta, noski, sari nagusia ere egongo da: Epaimahaiaren Saria. Lehiaketan parte hartu duten guztien artean irudi bat aukeratuko du epaimahaiak, eta egileak Xoxoteko aterpetxean egonaldia irabaziko du. Irabazleen izenak urriaren 1ean emango dira jakitera.