Kolodioi hezearen teknikaz argazkiak nola sortu erakutsiko du ostegunean Jon Andoni Martinek Sanagustinen

Maialen Etxaniz 2021ko ira. 13a, 16:05
Jon Andoni Martinek kolodioi hezearen teknikaz egindako erretratuetako bat. (Kulturaz kooperatiba)

Artista azkoitiarrak ostegunean eskainiko du saioa, 17:00etan Sanagustin kulturgunean. Sarrera irekia izango denez, interesa duen oro bertara daiteke. Argazki kamera fisikorik ez erabiltzea da kolodioi hezearen teknikaren berezitasun nagusia.

Joan zen astetik ikusgai dago Jon Andoni Martin Pegote artista azkoitiarraren Nire Unibertsoa izeneko erakusketa Sanagustin kulturgunean, eta bertan izango da hilaren 20a bitartean. Azkoitiko artistak sarritan erabili izan duen kolodioi hezearen teknikaz sortutako lanak dira Sanagustinen zintzilik jarri dituztenak, eta argazki sorta osatzen duten koadroetan erretratuak dira protagonistak. Erakusketa ez ezik, beste hitzordu bat ere antolatu du egileak, hain zuzen, ostegun honetarako. Bertan, kolodioi hezearen teknikaz argazkiak nola sortu erakutsiko du Jon Andoni Martinek, 17:00etan hasita, Sanagustinen.  

Antolatzaileek azaldu dutenez, "Koloidoi hezea teknika erabiltzean, argazkilaria bera da ingurunea egokitzetik hasi eta kristalezko plakaren eraketan parte hartzen duten sustantzia edo elementu kimikoen nahasterainoko prozesuaren arduraduna. Argazki kamera fisikorik ez erabiltzea da kolodioi hezearen teknikaren berezitasun nagusia". Prozesua gertutik ezagutzeko aukera izango dute ostegunean Sanagustinera bertaratzen direnek, baina ikasteko ez ezik, hausnarketarako tartea ere izango dute; izan ere, artistaren antolatzaileen arabera, horretarako aukera eskaintzen du kolodioi hezearen teknikak: "Argazki-prozesua bere hastapenetan sortu zen bezala ikustearen esperientzia ikusi ahal izango da ostegunean; argazkiaren funtsezko elementuetatik (argia, zilarra eta denbora) bere zatien batura baino gehiago den produktu bat nola bilakatzen den, alegia. Gaur egun bizi garen gizarte frenetikoan, sarritan falta zaigun etenaldi eta hausnarketarako tartea eskaintzen du prozesuak". 

Osteguneko saioa irekia izango da, eta nahi duen orok izango du bertaratzeko aukera.