Azpeitiko pentsiodunek asteleheneroko elkarretaratzeei berrekin diete

Aitziber Arzallus 2021ko ira. 13a, 12:34

Pentsio sistema propio, publiko eta duin bat eskatzeaz gainera, argindarraren etenik gabe garestitzea salatu dute gaurko mobilizazioarekin. Aurrerantzean, astelehenero elkartuko dira plazan, 12:00etan.

Azpeitiko pentsiodunen plataformak deituta, 50 bat herritarrek elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian herriko plazan. Udako etenaldiaren ostean, lehen hitzordua izan da gaurkoa, eta aurrerantzean astelehenero leku eta ordu berean elkartzeko asmoa adierazi dute, nahikoa motibo badituztela iritzita.

Ohikoa duten gisan, pentsio sistema propio, publiko eta duin bat eskatu dute, eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ere bai. Baina pankartan irakur zitezkeen leloetatik harago, argindarraren garestitzeaz jardun du plataformaren ordezkari Miren Odriozolak. Haren esanetan, gaurko mobilizazioarekin garestitze hori salatu nahi dute, eta halaxe egingo dute  pentsiodunek deituta Euskal Herriko herrietan eta hiriburuetan egingo dituzten gainontzeko elkarretaratzetan eta manifestazioetan ere. "Argindarraren prezioa etenik gabe igotzen ari da eta horrekin batera baita gainontzeko prezioak ere. Abuztuan %3,3koa izan da inflazioa eta adituen ustetan %2,5 inguruko igoerarekin bukatuko du urtea. Guri, ordea, %0,9 besterik ez dizkigute igotzen pentsioak; beraz, pentsa zenbat diru galtzen ari garen". Bien bitartean, argindar konpainia handiak sekulako irabaziak poltsikoratzen ari direla esan du, eta adibideak ere eman ditu: 2020an, 3.610 milioi euro irabazi zituela Iberdrolak eta 1.394 milioi euro irabazi zituela Endesak. 

Argindarraren garestitzearen aurrean Espainiako Gobernuaren jarrera gaitzetsi du Odriozolak; "ez du ezer askorik egin, nahiz eta Europa guztiko garestitzerik handiena jasaten ari garen". Ez deritzo nahikoa argindarraren BEZa %21etik %10era jaisteko erabakiari ere, "horrek fakturan zortzi eta hamabi euro arteko aurrezpen txiki bat baino ez bailuke eragingo". Eta irtenbidea proposatu du: "Argindarraren sektoreko oligopolioa hautsi eta publifikatzea".