Arabako Lokotx Bilketako Txapelketa irabazi du Maider Etxezabalek

Nerea Uranga 2021ko ira. 12a, 11:45
Maider Etxezabal azpeitiarra Arabako Lokotx Biltze Txapelketan irabazlea izan da.

Atzo, larunbata, lortu zuen txapela Eltziegon jokatutako lehian. Gustura dago azpeitiarra lorpenarekin.

Maider Etxezabal herri kirolari azpeitiarrak Arabako Lokotx Biltze Txapelketa irabazi du. Atzo, larunbata, jokatu zuten lehia Eltziegon (Araba). Azpeitiarrak adierazi du, txapelketan bi kirolarik parte hartu zutela, eta hori "pena" dela. Dena den, egindako txapelketarekin gustura agertu da, "ondo entrenatuta" joan zelako. Arabako txapela irabazita Euskal Herriko Lokotx Biltze Txapelketa jokatzeko aukera du orain Etxezabalek: "Hala ere ez dakigu oraindik non eta noiz jokatuko den Euskal Herrikoa".

Uda sasoian lokotx biltzean aritzen da kirolari azpeitiarra, eta udazkenetik aurrera, berriz, sokatiralari ibiltzen da Arabako Badaiotz taldearekin. "Udan sokatirako erakustaldi bat edo beste izaten dugu, baina batik bat lokotx biltzean lehiatzen naiz udan".