Izeta VI.a, Joseba Otaegi, Errazkin, Irazabal, Gabirondo eta Peñagarikano, finalera

Mailo Oiarzabal 2021ko ira. 11a, 21:25

Irailaren 25ean jokatuko den banakako IV. Euskal Pentatloiaren finalerako txartelak banatu dituzte gaur zezen plaza, bigarren kanporaketan. Izeta VI.ak erakustaldia eginez irabazi du gaurko saioa, eta Peñagarikano azpeitiarrarena izan da seigarren denborarik onena.

Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a, Joseba Otaegi, Iñaki Errazkin, Aritz Irazabal, Julen Gabirondo eta Kepa Peñagarikano. Horietako batek hartuko du Xabier Zalduaren lekukoa Euskal Pentatloiaren irabazleen palmaresean.

Hamabi kirolari lehiatu dira gaur arratsaldean herriko zezen plazan, laugarren edizioaren bigarren kanporaketan, irailaren 25ean toki berean 22:00etan hasita jokatuko den finaleko sei postuen bila. Hamabi horietatik zortzik iazko edizioan egindako markei esker zuten lekua gordeta gaurko saiorako; beste lau, berriz, joan den asteburuan jokatu zen lehen kanporaketatik zetozen. Lau txandatan banatuta jokatu dute gaurko kanporaketa saioa, txanda bakoitzean hiru kirolarirekin. Joseba Otaegi, Irazabal eta Aratz Mugertza aritu dira lehen txandan; Julen Kañamares, Gorka Etxeberria eta Iñaki Errazkin, bigarrenean; Jon Gisasola Zelai V.a, Beñat Amade eta Kepa Peñagarikano azpeitiarra, hirugarrenean; eta Izeta VI, Gabirondo eta Jagoba Otaegi, berriz, laugarren eta azken txandan.

Izeta VI.a eta Julen Gabirondo dira aurtengo pentatloia irabazteko faboritoen artean gehien aipatu izan diren izenak. Gaurkoan, Izetak faborito izaera berretsi egin du. Erakustaldia eginda irabazi du kanporaketa aiarrak, eta alde nabarmenarekin nagusitu da: 12 minutu eta 29 segundo behar izan ditu lan guztiak (100 kiloko bola hamar aldiz jaso, gizon proban 400 kiloko harriarekin plaza bat osatu, kanaerdiko eta 45 ontzako enbor bana moztu, 50 kiloko bi txingarekin hiru plaza bete, eta korrika kilometro bat egin), eta proba guztietan berea izan da arratsaldeko markarik onena. Gabirondo, aldiz, bere maila onenetik urruti ibili da. Bosgarren denbora eginda (14'51''), finalean sartzea lortu du, baina estu ibili da segalaria.

IV. Euskal Pentatloian lan ona egiteko hautagaien artean zegoen Joseba Otaegi ere, eta bera gogoan hartu dutenak oker ez zebiltzala erakutsi du gaur; berea izan da arratsaldeko bigarren denborarik onena (13'09''). Bigarren edizioan txapeldunorde izan ondoren, iaz ez zuen pentatloian parte hartu Otaegik eta, horrenbestez, aurten bi kanporaketa jokatu behar izan ditu. Hirugarren postuan sailkatu da Iñaki Errazkin (14'38), iazko finalean bosgarren sailkatu zen kirolaria. Gaurko laugarren denborarik onena (14'44''), berriz, banakako pentatloian lehen aldiz parte hartzen ari den Aritz Irazabalentzat izan da; bera eta Otaegi izan dira lehen kanporaketatik zetorren laukotetik finalean sartzea lortu duten biak. Finalerako seigarren eta azken tokia Kepa Peñagarikanorentzat izan da: azpeitiarrak 15 minututan osatu ditu gaurko lanak.

Julen Kañamaresek (zazpigarren, 15'02''), Zelai V.ak (zortzigarren, 16'32''), Amadek (bederatzigarren, 16'44''), Jagoba Otaegik (hamargarren, 16'52''), Mugertzak (hamaikagarren, 17'42'') eta Etxeberriak (hamabigarren, 18'31'') osatu dute bigarren kanporaketaren sailkapena.