Eguraldia lagun, herritar ugari ibili da Stock Azokaren lehen orduetan

Aitziber Arzallus 2021ko ira. 10a, 18:41

Bihar 10:00etatik 20:00etara jarriko dituzte berriro postuak, Azoka Plazan batzuk eta saltokien atarietan besteak; guztira, 43 dira Bertan merkatarien elkarteak antolatutako egitasmoan parte hartzen ari diren herriko saltokiak.

Martxan da Bertan merkatarien elkarteak antolatutako Stock Azoka, eta eguraldia lagun, jende ugari ibili da postuz postu azokaren lehen orduetan. 16:00etan ireki dituzte postuak eta 20:00ak arte zabalik egongo dira gaur. Bihar, berriz, bigarren eta azken egunean, goiz eta arratsaldez izango da erosketak egiteko aukera, 10:00etatik 20:00etara.

Guztira 43 saltoki ari dira azokan parte hartzen eta denboraldiz kanpoko produktuak prezio ezin hobeetan eskaitzen. Stockaren gune nagusia Azoka Plaza izango da, 11 posturekin: Aitzaki Kirolak, Arku, Bask, Euskadi Sport, Ilargi, Kids&Us, Larrañaga Kirolak, Luix Beltza, Martina Isasti, Mugi Kirolak eta Nerea Eskulanak. Horiez gain, beste 32 merkatarik saltokiaren parean jarri dituzte postuak: Agirre oparidenda, Alar mertzeria, Alzuaran, Arantxa haur denda, Azkue, Babesa moda, Biur, Bossi, Despentsa Naturala, Disdira, Edurne oinetakoak, Esnaola, Frida, Furundarena, GEU, Inar optika, Iosu optika, Jostaldi Kirolak, Kaïoa, Kids&Us, Koket, Kotoi, Mina mertzeria, NKN, Ordulari, Ostadar optika, Romaes, UBBO, Ufito, Valverde, Zume eta Zuri-Beltz.

Aurtengoa, bigarren urtez jarraian, osasun larrialdi egoerak baldintzaturiko Stock Azoka izango da. Zentzu horretan, Bertan merkatari elkarteak dagozkion osasun neurriak hartuta antolatu du egitasmoa. Azoka Plazara sartzeko aforoa kontrolatuko da, gehienezko pertsona kopurua mugatuz, eta postuen zein pertsonen arteko segurtasun distantzia bermatuko da une oro, bai Azoka Plazan zein denden kanpoaldetako postuetan. Aldi berean, gel hidroalkoholikoen erabilera eskatuko da eta ukituak izan diren produktu guztiak desinfektatu egingo dira berriro bezeroei eskuragarri jarri baino lehen.