Emakumeen Txokoan pronto dute udazkenerako eskaintza

Nerea Uranga 2021ko ira. 11a, 09:45

Jabetze Eskolako ikastaro eta tailerretan, Emakumeen Txokoko ikastaro iraunkorretan eta parte hartze tailerretan izena emateko epea zabaltzearekin batera, Neska* Gazteen Txokoko ikastaro eta formakuntzen nahiz antolatutako hitzaldien berri eman dute.

Emakumeen Txokoan udazkenerako antolatutako ikastaroen, tailerren, formakuntza saioen nahiz hitzaldien berri eman dute. Horietako batzuetan parte hartzeko izen-emate epeen eta ordutegien berri ere zabaldu dute. Ikastaroetan eta formazioetan parte hartzeko izena Emakumeen Txokoan eman behar da, 943-15 70 55 edo 688 75 10 00 telefonoetara deituta edota emakumetxokoa@azpeitia.eus helbide elektronikora idatzita.

Emakumeei beren burua eta bizitzaren jabe izateko tresnak eskaintzea da Azpeitiko Jabetze Eskolen helburua. Jabetze Eskoletan urritik abenduaren hasierara bitartean lau ikastaro eta tailer antolatu dituzte. Horietan izena emateko epea irailaren 20tik urriaren 1era artekoa da. Honakoak dira Jabetze Eskolen barruan antolatutako formazioak:

  • Elikadura kontzientea. Formatzailea Miriam Herbon izango da, eta gazteleraz eskainiko du formazioa. Urriaren 5etik azaroaren 30era artean da, astearteetan, 17:00etatik 20:00etara. Zortzi saio izango dira, guztira. Ikastaroaren prezioa 36 euro izango da langileentzat, 24 euro langabetu eta ikasleentzat.

  • Feminismo antiarrazista bat eraikitzeko gakoak. Luciana Alfaro arduratuko da formazioaz, eta gazteleraz ariko da. Urriaren 11n eta 25ean eta azaroaren 8an eta 22an izango dira saioak, 17:30etik 19:30era. Langileek 12 euro ordaindu beharko dute parte hartzeko eta zortzi euro langabetuek eta ikasleek.

  • Elkarrekin bizitzako korapiloak askatzen: makrame ikastaroa. Marian Idiakezek emango ditu saioak, gazteleraz. Ostiraletan egingo dituzte saioak, urriaren 8tik azaroaren 12ra artean, 17:00etatik 20:00etara. Guztira, sei saio izango dira. Langileek 27 euro ordaindu beharko dituzte, 18 euro langabetuek eta ikasleek.

  • Koloretako jantziak. Artearen bidez iruditegi estetiko berriak sortzea, genero estereotipoak hautsiz. Lorena Rejo eta Itziar Nanclares izango dira formatzaileak. Saio bakarra izango da: azaroaren 13an, larunbata, 11:00etatik 13:30era. Doan da parte hartzea.

Literatura feministako taldeak eta Enpalabramiento-ko parte-hartze taldeek ere beren lekua izango dute Emakumeen Txokoko udazkeneko eskaintzan. Literatura feministako taldea Ainhoa Aldazabalek gidatuko du, eta hilean behin elkartuko dira: urriaren 21ean, azaroaren 18an eta abenduaren 16an, 17:30etik 19:30era, Emakumeen Txokoan. Saio horietan parte hartzeko, langileek 9 euro ordaindu beharko dute eta ikasleek eta langabetuek 6 euro. Enpalabriento ikastaroko formatzailea Nerea Del Campo izango da, eta saioak astelehenetan eta asteazkenetan eskainiko ditu, 10:00etatik 12:00etara, gazteleraz. Doan da.

Hitzaldiak, erakusketa eta aurkezpena

Parte-hartze, sentsibilizazio eta integraziorako ekintzak ere egingo dituzte datozen hilabeteotan Emakumeen Txokoan. Kasu honetan, lau solasaldi iragarri dituzte. Urriaren 27an Feminismo ijitoa hizteketarako gai hartuta Amuge elkarteko Tamara Claveria Jimenez ariko da solasean. Azaroaren aurrenean, berriz, Sanagustin kulturgunean Emakume anitzen eguneroko borrokak argazki erakusketa zabalduko dute. Cristina Chiquin Rodriguez argazki-kazetari guatemalarraren lana ezagutzeko aukera egongo da bertan hilabete osoan. Azaroaren 17an, Moio.Gordetzea ezinezkoa zen liburua aurkeztuko du Kattalin Miner idazleak Emakumeen Txokoan. Azaroaren 24an, Maria Zapata Hidalgok Osasun mentaleko errekuperazioari begirada feminista hitzaldia emango du Emakumeen Txokoan, gazteleraz.

Neska* Gazteen Txokoko eskaintza

"Azpeitiko DBH3tik 18 urtera bitarteko neska* guztiei zuzendutako espazio ahalduntzailea da Neska* gazteen txokoa. Bertan, horien behar zehatzei biderat¡utako ahalduntze ikastaroak eta dinamizazioa eskainiko dira", azaldu du Emakume Txokoak. Datozen hilabeteetarako antolatutako ekintzetan eta formazioetan parte hartzeko izen-ematea ekintza hasi baino bost egun lehenago bukatuko da, eta parte hartzea doan da. Abendura bitartean hiru hitzordu jarri dituzte Emakumeen Txokoan, hirurak Azpeitiko Emakumeen Txokoko dinamizatzaileak gidatuko ditu.

  • Sexuaz, sexuazioaz eta desiraz. Urriaren 22an, ostirala, izango da, 17:00etatik 19:00etara.
  • Azaroak 25. Zer da indarkeria matxista? Azaroaren 19an, ostirala, 17:00etatik 19:00etara.
  • Hilerokoa deseraikitzen. Abenduaren 17an, ostirala, izango da saioa, 17:00etatik 19:00etara.

Hainbat zerbitzu ere eskura

"Genero berdintasuna bermatzeko, parekidetasunaren balioekin bat egiten duten" hainbat zerbitzu ere ematen dituzte Emakumeen Txokoan, hala nola harrera eta informazioa, gune informala (liburutegi feminista, egoteko gunea...), etxeko lan txikietarako erreminten mailegua, aholkularitza juridikoa (hilean bi ostegunetan; hitzordua hartzeko telefonoa 688 75 10 00) eta sexu aholkularitza: Plax! (Sindikatu Zaharreko bigarren solairuan; hitzordua hartzeko telefonoa 688 89 79 20).