Zelanda taldea

"Jendeari utzi egin behar zaio 'Amarena'-rekin disfrutatzen, eta gero aterako ditugu abesti gehiago"

Anartz Izagirre 2021ko ira. 13a, 09:00
Ane eta IƱaki Bastida Zelanda taldeko baxua eta bateria dira. (Ander Canales)

Neba-arrebak dira Ane Bastida (Azpeitia, 1987) eta Iñaki Bastida (Azpeitia, 1991); biek eta Fran Uriasek Zelanda izeneko musika talde berri bat sortu dute orain gutxi. Amarena izeneko abestia publikatu zuten irailaren 3an sarean, eta labean dituzte beste lauzpabost abesti ere. Elkarrekin talde berean aritzeak biei ala biei ilusioa eragiten diela nabarmendu dute Bastidatarrek.

Amarena abestiarekin aurkeztu duzue Zelanda taldea. Zer-nolako harrera izan du?

Ane Bastida: Ni oso gustura nago abestiarekin. Iruditzen zait apur bat desberdina dela bideokliparen aldetik, eta ohituta geunden musika estilotik apur bat aldendu egiten da. Erronka bat izan da guretzat. Gainera, abestia grabatu genuenean 37 asteko haurdun nengoen, eta oso oroitzapen polita izango da niretzako eta nire haurrarentzako. Horrez gain, Iñaki ere hemen dago, eta niretzako oso berezia da hori. Jendeari asko gustatu zaio Amarena, eta sorpresa handia jaso dutela jakinarazi didate askok.

Iñaki Bastida: Niri ere gauza bera esan didate. Inguruko jendea eta askotariko musika entzuten dutenak harrituta gelditu dira abestiarekin eta asko gustatu zaie. Neu ere oso gustura nago abestiak izan duen harrerarekin.

Zer topatuko dute entzuleek Amarena-n?

I.B.: Ingurukoek esan didatenaren arabera, zerbait intentsoa entzuten ari direnaren sentsazioa izan dute. Nik abestiaren hitzei erreparatzeko eskatu nien. Franek [Urias] kontatu zuen bere amak umea galdu zuela, eta hura galdu ostean izan zuela Fran. Hitzak berak idatzi zituen, eta istorio hori dute oinarrian. Horrez gain, bideoklipak gauza asko kontatzen ditu, eta barrua mugitzen du.

A.B.: Bai. Istorio gogorra da, baina badu alde polita ere. Batzuetan estutasuna sartzen zait, bideoa nola grabatu genuen oroitzen naizenean, leku itxi horretan. Hori isladatzen saiatu gara bideoklipean, izaren kontra ikusten garenean eta pasillo estu horretan. Intentsoa da.

Oraintsu aurkeztu duzue taldea. Zer sentsazio dituzue taldearen hastapenetan?

I.B.: Oso sentsazio ona dugu. Zain geunden aurkezpenaren eguna iristeko, markatuta genuen egutegian. Inguruko oso jende gutxi zekien taldearen berri, eta aurkezpenaren ostean mezu asko jaso genituen; tartean, urte luzez ikusten ez genuen jendearena. Pentsa, abestia aurkeztu aurretik ere harrera ona izan zuen taldeak, eta hori eskertzekoa da. Erantzukizuna ere bagenuen, jendeak zerbait ona espero zuelako, eta ez genekien jendeari gure lehen abestia gustatuko ote zitzaion ala ez.

A.B.: Hori da. Jendea musika entzun ostean engantxatu ohi duzu taldera, baina jendeak aurrez ere espektatibak zituen eta horrek apur bat urduritu egiten gintuen.

Noiz plazaratuko dituzue zuen hurrengo abestiak?

A.B.: Oraindik ez dakigu. Amarena-ri atseden hartzen utziko diogu. Grabatuta ditugu beste lauzpabost abesti ere, eta gehiago grabatuko ditugu orain. Gaur egun beste dinamika bat daramagu musika taldeetan. Lehen disko bat grabatu eta dena batera argitaratzen zuten taldeek, eta horietatik abesti batzuk soilik bilakatzen ziren single; orain, ordea, oso dinamikoa izan behar duzu, eta horregatik, pixkanaka joango gara kantuak argitaratzen. Jarraikortasuna behar da, eta beste estrategia bat erabiliko dugu. Sentsazioa dut orain segituan aspertzen garela denataz.

I.B.: Lehen jendeak CD bat erosten zuen eta kotxean hori entzuten egon ohi zen hilabete oso batez. Orain, Spotify-n edo beste plataforma batzuetan entzuten du jendeak musika, eta abestiak banaka entzuten dira. Gero, taldea asko-asko gustatzen bazaizu haien diskoa erosten duzu. Beraz, jendeari utzi egin behar zaio Amarena-rekin disfrutatzen, eta gero aterako ditugu abesti gehiago. Guk gogoa dugu eginda dugun dena erakusteko eta kontzertuak ematen hasteko, baina egungo egoerak pazientzia edukitzea eskatzen du.

Nolakoa izan da taldearen sormen prozesua?

A.B.: Hasieran lokalean hasi ginen entseguak egiten. Gero, koronabirusa heldu zen eta Franek bere etxean estudiotxo bat jarri zuen; bera izan da konposizio lanetan ordu gehien pasatu dituena. Horrez gain, Eñaut Gaztañaga izan dugu produkzioan, eta hark asko lagundu digu. Franek sortzen zituen kantuak, eta, ondoren, bidali egiten zizkidan; Iñaki apur bat beranduago gehitu zen taldera. Pandemia dela-eta beste modu batean antolatu behar izan dugu guztia.

I.B.: Bai, eta oraindik ere funtzionatzeko modu horrekin jarraitzen dugu.

Nondik dator Zelanda izena?

A.B.: Taldekide batek izenen zerrenda bat ekarri zuen, bere garaian talde bat sortzeko egin zuena. Zerrenda horretan Zelanda izena topatu genuen, eta asko gustatu zitzaigun. Fran, gainera, Bizkaian bizi da orain, eta Zelan da? Zelanda hitz-joko horregatik ere gustatzen zitzaigun izena. Niri fonetikoki asko gustatu zitzaidan izena.

(Argazkia: Ander Canales)

Neba-arrebak zarete, baina ez da lehen aldia da biok musika talde berean zaudetena.

I.B.: Ez. Nire lehen musika taldea ere Anerekin batera izan zen. Musika Eskolan genbiltzanean Ane Eztake izeneko talde batean aritu zen, beste hainbat ikaskiderekin batera, eta gero ni ere sartu egin nintzen. Horrez gain, Skandalue taldean ere batera aritu ginen urte dezentez, eta denbora bat banatuta pasatu ostean ere berrio batera arituko gara. Nik Aneren ibilbidea oso gertutik jarraitu dut, eta oso harro nago berataz. Ilusioa egiten dit berarekin berriro musika talde berean aritzeak. Gainera, bateria eta baxua talde baten oinarria dira, eta bai edo bai ondo moldatu behar duten elkarren artean. Alde horretatik, zortea dugu, ondo ezagutzen eta moldatzen baikara.

A.B.: Bateria-jotzaile bat topatzen ari ginenean Iñakiren izena aipatu zen. Niri ilusio handia egiten zidan, baina ez nuen nahi nire neba izateagatik taldean sartzea; frogatxo bat egin zioten, ordea, eta taldera batzea erabaki genuen. Nik nahi nuen musika bizitzeko izan dudan modu hau Iñakirekin elkarbanatzea.

Aurretik beste hainbat taldetan aritutakoak zarete biok. Zer ikasi duzue horietan?

A.B.: Denetarik ikasten duzu. Ni, adibidez, estilo desberdinetako taldeetan aritu naiz jotzen, eta denetan jasotzen duzu zerbait, bai konposatzerakoan, bai taldea aurrera ateratzerakoan. Niretzako erronka bat da garai hauetan taldea nola atera dugun aurrera.

I.B.: Ni ere oso estilo desberdinetako taldeetan aritu izan naiz, erromeria talde batean ere jo izan dut… Bakoitzetik zerbait ikasten duzu. Bestalde, jende askorekin jo izana ere aberasgarria da, bakoitzak modu desberdin batean egiten duelako lan, eta horrek laguntzen du taldea aurrera errazago eramaten.

Zelanda zer-nolako taldea dela esango zenukete?

A.B.: Nik pop rock estiloaren antzekoa dela esango nuke, orain arte egiten genuena baino zerbait modernoagoa da. Dena den, gure betiko esentzia mantentzen da; azkenean, ni beti izango naiz Ane, eta beti estilo bera izango dut baxuarekin. Ezin duzu derrepentean beste pertsona bat izan, nahiz eta denborarekin ikasten joaten zaren. Hala eta guztiz, sormen prozesuan ez diogu mugarik jarri gure buruari, eta gauza berriak probatzen joan gara.

I.B.: Zelandan Franek ibilbide bat du, Anek beste bat eta nik beste bat; beraz, denok eragingo dugu gure estilotik. Taldekide guztiek eskaintzen dute zerbait, eta gehiago ikasteko aprobetxatzen duzu. Egurra Ta Kitto, adibidez, %100 Ska izatetik rock gogorragoa egitera pasatu zen, eta punk doinuak ere sartu genituen. Orain, Zelandarekin lehen jotzen ez nituen erritmoak jotzen ditut orain, eta esperimentatzen joaten naiz.

Azken bi urteak ez dira zuzeneko kontzertuetarako egokienak izan. Zuek ba al duzue kontzerturik emateko intentziorik?

A.B.: Oraintxe jaio gara, baina badugu asmoa kontzertuak emateko. Ea egoerak uzten duen. Ez dut uste COVID-19aren aurreko egoerara bueltatuko garenik, pandemia hau inoiz ez dela bukatuko dirudi, baina kontzertuak lotzeko esperantza dugu. Ea datorren urtean.

I.B.: Nik espero dut COVID-19aren aurreko egoerara bueltatzea, baina ikusten dut egoera honek zerbait ona ere izan duela; hau da, kontzertu batera edo antzezlan bat ikustera joatea orain gehiago baloratzen dela iruditzen zait. Jendea gogoarekin ikusten dut, eta areto txiki batean eta eserita izanda ere, jendea joan egiten da emanaldietara. Lehen plazan kontzertu bat bazegoen, jendea tabernetara joaten zen. Ni jada hasi egingo nintzateke kontzertuak ematen, baina denbora eman behar diogu gure lehen singleari.