Kevin Buckingham ISBko jokalariak denboraldia galduko du belauneko lesio bategatik

Andoni Elduaien 2021ko ira. 10a, 13:27
Buckinham, Bartzelona B taldearen aurkako partida batean. (Argazkia: ISB)

Eskuin belauneko lotailu gurutzatua du hautsita Juaristi ISBko jokalariak, eta hil honen amaieran ebakuntza egingo diote.

Kevin Buckinham Juaristi ISBko jokalariak ez du aurten taldearekin jokatzerik izango. Aurten, 24 urte beteko dituen hegal-pibot estatubatuarrak eskuin belauneko lotailu gurutzatua hautsi du, eta ebakuntza-gelatik pasatu beharko du datozen egunetan. Hain zuzen ere, irailaren 23an egingo diote ebakuntza Buckinhami belaunean, klubak jakinarazi duenez.

Liga erregularrean batez beste 24:21 minutu jokatu zituen estatubatuarrak, 2020-2021 denboraldian. 14,1 puntu saskiratu, 3,9 errebote batu eta 13,7ko balorazioa egin zuen. ISBk animoak eman nahi izan dizkio jokalariari sare sozialetan argitaratutako mezu baten bitartez, eta adierazi du "sekulako baja" izango dela taldearentzat.