Esklabetako alokairu sozialeko etxebizitzen lanak bisitatu dituzte Azpeitiko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak

Mailo Oiarzabal 2021ko ira. 10a, 14:51

Proiektuaren garrantzia nabarmendu dute Nagore Alkorta alkateak eta Pablo Garcia Astrain Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura zuzendariak, "Azpeitiarentzat etxebizitza eredu berria" izango dela aipatuta. Esklabetako komentu ohian eraikiko dituzten 48 bizitokien ezaugarrien gaineko hainbat xehetasun ere eman dituzte. Aurreikusitako epeak betetzen badira, 2023. urte amaierarako bukatuko dituzte eraikuntza lanak.

Irailarekin hasi dituzte Esklabetako eraikinean alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzeko lanak, eta hasi berri diren obren lehen urratsak bertatik bertara ikustera eta proiektuaren hainbat xehetasun azaltzera joan dira gaur Azpeitiko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak Esklabetara; han izan dira Nagore Alkorta alkatea eta Josu Labaka zinegotzia, eta Pablo Garcia Astrain Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura saileko zuzendaria.

Izan ere, bi erakundeen arteko lankidetza akordioari esker gauzatuko da etxebizitza proiektu berria: udalarena da Esklabetako eraikina, eta erakunde horrek komentu eta ikastetxe zenaren eskuineko hegala laga dio Jaurlaritzari, erakunde horrek bertan alokairu sozialeko 48 zuzkidura-bizitoki eraiki ditzan. 2018ko otsailean hitzartu zuten proiektua bi erakundeek, eta hasieran aurreikusitako epeak luzatu arren, azkenean martxan dira lanak.

Xehetasunak

Esklabetako eraikinaren ekialdego hegalean, 7.951 metro koadroko espazioa erabiliko dute alokairu sozialeko 48 apartamentuen proiektua gauzatzeko; eraikina birgaituko dute, eta etxebizitzak hartzeko egokitu ere bai. Beheko, lehen eta bigarren solairuetan eraikiko dituzte 48 apartamentuak; erdisotoak eta teilatupeko solairuak ez dute bizitoki erabilera izango, eta biltegirako, instalazioetarako eta bizikletak gordetzeko erabiliko dira, gaur azaldu dutenez.

Beheko solairuan hamasei bizitoki egongo dira; horietako 11 logela bakarrekoak izango dira, eta bost, bi logelakoak. Goiko bi solairuetako bakoitzean, logela bakarreko hamar apartamentu eta bi logeladun sei eraikiko dituzte. Apartamentuetako bi mugikortasun urria duten pertsonentzat egokituta egongo dira, eta berokuntza sistema zentrala izango du eraikinak. "Efizientzia handiko galdara izango dute, biomasa erregaiarekin eta gas galdararekin, eskari handiko uneetarako", zehaztu dute proiektuaren arduradunek. Fatxadaren itxura eta jatorrizko materialak bere horretan mantenduko dituzte, eta estaldura berria erabiliko dute hegalaren mutur amaitugabean.

Gehienez bost urterako

Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailak 5.459.603,64 eurotan esleitu ditu lanak -Ocisa enpresa ari da egiten-, eta komentuko ekialdeko hegalaren birgaitzea eta inguruaren urbanizazioa sartuta daude kopuru horretan. Eraikuntza lanak bukatzeko 26 hilabeteko epea ezarri dute; aurreikusitako epeak betetzen badira, 2023. urte bukaerarako bukatuta eta apartamenduak esleitzeko prozesua hasteko moduan izango dira.

Txandakako eta aldi baterako erabilera izango dute Esklabetan eraikitzen hasi diren apartamentuek: gehienez bost urtez erabili ahal izango dira, kontratua urtero berrituz. Bizitokien erabiltzaileek hilero ordaindu beharko duten kanonak ez du gaindituko haien diru-sarreren %30a. Apartamentuen esleipen prozesuan sartzeko Etxebiden izena emanda egon beharko da, eta kasu honetarako zehaztu dituzten baldintza hauek bete beharko dituzte Esklabetako alokairu sozialeko apartamentuak eskuratzeko: bizikidetza-unitateak 4 kide baino gehiago ez izatea, etxebizitzarik jabetzan ez izatea, eta urtean 3.000 eta 39.000 euro bitarteko diru-sarrerak izatea.

Azpeitian uneotan 588 etxebizitza eskatzaile daudela eta horietatik ia erdiek (%46,6) alokairuaren aldeko hautua egin dutela jakinarazi dute gaurko bisitan.

Eredu "berritzailea"

Esklabetan kokatuko dena "Azpeitiarentzat etxebizitza eredu berria" dela azpimarratu dute gaur erakundeetako ordezkariek. Azpeitiko alkateak adierazi du Esklabetako alokairu sozialeko apartamentuena Azpeitiarentzat "obra oso garrantzitsua" eta "udalaren etxebizitza politikan jauzi bat" dela. Alkortaren esanetan, "azpeitiarren etxebitza beharrak asetuko" ditu proiektuak: "Jauzi kualitatibo bat emango dugu proiektu honekin. Eredu berritzaile batekin hasiko gara, hutsik dagoen eraikin bat birgaituko delako eta azpeitiarrek emango diotelako bizitza. Proiektu honek bide emango du gazteak emantzipatu ahal izateko, eta merkatu librean etxebizitza bat eskuratzeko zailtasun gehien duten azpeitiarrek ere aukera bat izango dutelako beren bizi proiektua garatzeko".

Garcia Astrainek ere Esklabetako proiektuaren izaera berritzailea nabarmendu du. Azpeitiko proiektu horrekin Eusko Jaurlaritzak "bide berri bati ekin dio", haren esanetan, "erakinak berrerabiliz alokairu sozialeko apartamentuak sortuz". Esklabetako proiektuak hiru helburu batzen dituela iritzi du Garcia Astrainek; soziala; ingurumenari lotutakoa, ez dutelako lurzoru berririk erabili behar; eta kulturala, ondare historiko bat berreskuratuko dutelako. Esklabetako esperientziak jarraipena izango du Eibarren eta Arrasaten, Jaurlaritzaren ordezkariak azaldu duenez.

Alkortak eta Garcia Astrainek Azpeitiko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren lankidetza goraipatu dute, batak bestearen prestutasuna eskertuta. Etxebizitza Sailaren ordezkariak, gainera, "beste udal batzuk animatu" nahi izan ditu, horrelako proiektuak garatzerakoan Azpeitikoaren adibidea jarrai dezaten.