Mikel Lizartzak eta Iñigo Mercaderrek apustua adostu dute Mendizabal erretegian

Anartz Izagirre 2021ko ira. 10a, 10:41
Mikel Lizartza eta Iñigo Mercader, Mendizabal erretegian. (Gipuzkoako Herri Kirol Federazioa)

Urriaren 12an izango da apustua Xoxokako belardian (Urnieta, Gipuzkoa). Sei kilometro korrika egin beharko dituzte, eta ondoren, ordu eta erdi segan arituko biak ala biak nor baino nor gehiago.

Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak jakinarazi duenez, Mikel Lizartza tolosarrak eta Iñigo Mercader hernaniarrak apustua adostu zuten atzo, osteguna, Azpeitiko Mendizabal erretegian. Urriaren 12an, asteartea, izango da norgehiagoka Xoxokako belardian (Urnieta, Gipuzkoa), 11:30ean hasita, eta bi proba gauzatu beharko dituzte Lizartzak eta Mercaderrek; lehenik, sei kilometro korrika egin beharko dituzte, eta ondoren, ordu eta erdiz segan arituko dira. Apustuaren irabazlea belar kilo gehien ebakitzen dituen kirolaria izango da.