Urriaren 6ra atzeratu dute Hitzaren Eskolaren hirugarren edizioaren hasiera

Kulturazek jakinarazi duenez, oraindik ere eman daiteke izena Hitzaren Eskolan. Asteazkenetan eta larunbatetan izango dira saioak, eta 2022ko apirilean amaituko dira.

Hitzaren Eskolaren hirugarren edizioa egingo dute aurten Dinamoa Sormen Gunean, eta irailaren 8an ziren klaseekin hastekoak; Kulturaz kooperatibak, ordea, urriaren 6ra atzeratu du ikastaroaren hasiera. Joan zen maiatzean eman zuten hirugarren edizioaren xehetasunen berri, eta bertan zehaztu zutenez, datorren urteko apirila bitartean, Amets Arzallus, Miren Artetxe, Koldo Almandoz, Mari Luz Esteban, Oier Guillan eta Ula Iruretagoiena izango dira Dinamoan eskolak ematen.

Asteazkenetan, 18:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan, 10:00etatik 13:00etara izango dira saioak. Kulturazek jakinarazi duenez, oraindik ere zabalik dago Hitzaren Eskolan izena emateko epea. Matrikularen prezioa 375 eurokoa da –250 eurokoa ikasleentzat, langabetuentzat eta erretiratuentzat–. Honako lotura honetan aurki daiteke saioen gaineko informazio guztia eta izen-emate orria.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide