Ekintzaileentzako Lanzituz programan izena emateko epea, zabalik

Andoni Elduaien 2021ko ira. 9a, 13:12

Buruan ideia eta proiektu berri bat duten herritarrei zuzendurik dago formakuntza, eta irailaren 20an hasiko da. Besteak beste, ekintzaileek negozio berri bat irekitzerakoan eman beharreko pausoez arituko dira saioetan.

Abian da Lanzituz programaren 15. edizioa, eta formakuntzan interesa dutenek irekita dute izena emateko aukera. Buruan ideia edo proiekturen bat duten herritarrei zuzendurik dago programa, eta negozio bat irekitzerakoan ekintzaileek eman beharreko pausoak azalduko dituzte bertan. Era berean, enpresa kudeatzeko nozioak bereganatuko dituzte parte-hartzaileek saioan.

Irailaren 20an, astelehena, hasiko dira ikastaroak, eta guztira, zazpi saio izango dira. Programan parte hartu nahi dutenek Iraurgi Berritzenekin jarri beharko dute harremanetan. Horretarako, bi modu izango dituzte: 688 60 12 99 telefonora deituta edo ieizagirre@iraurgiberritzen.eus helbide elektronikora mezu bat bidalita.

Lanzituz programaren xedea langabetuen lan munduratzea hobetzea da; lan sozietateen eredua du oinarrian, eta ekintzailetasuna sustatzen du. Ekimena Europako Gizarte Funtsak finantzatu du, eta Euskadiko Lan Sozietateen Elkarteak (ASLE) eta Iraurgi Berritzen garapen agentziak parte hartzen dute bertan.