Oinarrizko prestakuntzaren eta prestakuntza teknikoen ikastaroak antolatu ditu Iraurgi Berritzenek langabezian dauden pertsonentzat

Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan eskainiko dituzte oinarrizko gaitasunaren, iturgintzaren, elektrizitatea eta soldaduraren ikastaroak. Izena emateko Iraurgi Berritzenek zabaldutako telefono zenbakietara deitu beharko da datozen egunetan.

Iraurgi Berritzenen Enplegu Arloa, Urola Erdiko langabezia murrizteko eta enplegua sustatzeko helburuarekin, profilen araberako ekintza lerro estrategiko desberdinak ari da garatzen azken urteetan eskualdeko eragileekin batera. Lan ildo horien artean dago, besteak beste, zaurgarritasun egoeran edo arriskuan aurkitzen diren langabetuei zuzendutako 'Urola Erdian ElkarEkinez UE3' proiektua.

Aipatutako proiektuaren helburu nagusia da zailtasun egoeran dauden pertsona langabetuei gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide egokituak eta eraginkorrak eskaintzea, horretarako eskualde mailako zerbitzuak integratuz. Proiektuak eskualdeko 100 pertsona langabetuen laneratzeko ibilbideak ahalbideratuko ditu datozen hilabeteetan, lehiakortasun teknikoak, oinarrizkoak eta lanbide ziurtagiriak lortzeko bideratuko diren bederatzi ikastaroren eta enpresen parte hartzea sustatzeko ekintzen bitartez.

Hori horrela, ikastaroak Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan antolatu ditu Iraurgi Berritzenek. Azpeitian, oinarrizko gaitasunak ikastaroaren lehen –irailaren 24tik abenduaren 10era– eta bigarren mailak –abenduaren 13tik martxoaren 15era– emango dituzte. Bi ikastaro horietan izena emateko 688 75 95 90 (Maialen) telefono zenbakira deitu beharko da.

Azkoitian, aldiz, oinarrizko gaitasunak ikastaroaren lehen –irailak 24tik abenduaren 13ra– eta bigarren mailak –irailak 22tik abenduaren 23ra–, iturgintza –urtarrilaren 10etik otsailaren 28ra–, elektrizitatea –urtarrilaren 10etik otsailaren 25era– eta soldadura –urriaren 4tik otsailaren 25era– lantzeko aukera eskainiko dute. Izena emateko, 688 87 35 89 (Sandra) edota 688 75 84 94 (Maite) telefono zenbakira deitu beharko da.

Zestoan, ostera, oinarrizko gaitasunak ikastaroaren lehen maila eskainiko dute –irailaren 24tik abenduaren 10era–. Izena emateko, 688 75 84 94 (Maite) telefono zenbakira deitu beharko da. Hona hemen ikastaro guztien informazioa, puntuz puntu:

Azkoitian:

  • Oinarrizko gaitasunak 1. maila (150 ordu). 
  • Oinarrizko gaitasunak 2. maila (240 ordu).
  • Iturgintza 1. maila (180 ordu).
  • Elektrizitatea 2. maila (170 ordu).
  • Soldadura 2. maila (400 ordu).

Azpeitian:

  • Oinarrizko gaitasunak 1. maila (150 ordu).
  • Oinarrizko gaitasunak 2. maila (240 ordu).

Zestoan:

  • Oinarrizko gaitasunak 1. maila (150 ordu).

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide