Aurtengo sagarraren uzta urrezkoa da

Nerea Uranga 2021ko ira. 8a, 12:15
Errezilgo Basabe Barrena baserriko Adei Labaka eta Maritxu Beristain atzo Azpeitiko azokan. (Nerea Uranga)

Euskal Sagardoak eta Sagardoa Routek aurkeztu dute sagar uzta berria, eta Urola Kostako sagarzaleak biltzen eta saltzen hasita daude. Uzta ona eta oparoa dute aurtengoan astearteetako Azpeitiko azokan egon ogi diren Errezilgo Basabe Barrena baserrikoek eta Ibañarrietako Irure Txikiko Ekain sagardoaren ekoizleek.

Aurten bai, aurten sagarrondoak makur-makur eginda daude, adarrak fruituz beteta dituztela. Iaz "ez urtea" izanda, aurtengoa bestelako uzta izaten ari da sagastizaleentzako: oparoa.

Euskal Sagardoa jatorri izeneko sagastizale eta sagardogileek eta Sagardoa Routek 2021eko sagar uzta aurkeztearekin batera, lehen muztioa dastatu zuten atzo, Donostiako Trinitate plazan egindako ekitaldian. Aurtengoa “sagar urte oparoa” dela nabarmendu dute ekoizleek, sagasti gehienek sagar asko eta fruitu oso osasuntsua dutelako.

Bertako sagarra hil honetatik azarora bitartean bilduko dute. Euskal Sagardoa jatorri izeneko ordezkariek zehaztu dutenez, aurtengo udako eguraldiak sagasti askotan atzeratu egin du pixka bat fruituaren heldutasun garaia, baina beste zenbait sagastitan iazko erritmoan doa. Oraindik ere garaiz izan arren, aurten bost milioi kilo pasa sagar biltzea aurreikusten dute Euskal Sagardora bideratutako sagastietan.

Urola Kosta eskualdean ugariak dira sagastiak, sagarraren ekoizleak nahiz etxeko edota bertako sagarrarekin sagardoa, zukua, ozpina… egiten dituztenak.

Sagarraren ekoizleak

Errezilgo Ezama auzoko Basabe Barrena baserrian dagoeneko hasita daude aurtengo sagar uzta biltzen, baita jasotakoa azoketan eta sagardotarako saltzen ere. Astearteetako Azpeitiko azokan jarri ohi dute salmenta postua, eta atzo goizean hantxe zeuden sagar mota desberdinez betetako otarreez inguratuta Basabe Barrenako Maritxu Beristain (Errezil, 1945) eta haren biloba Adei Labaka (Errezil, 2007). Sagarrondoak etxe inguruan dauzkate, eta mota askotako sagarrak ekoizten dituzte bertako sagastietan Reina-Reineta, San Inazio sagarra, Errege sagarra, Goikoetxe, Ibarbi sagarra… Mahairako sagarrak nahiz sagardotarakoak dituzte.

Iazko sagarraren uzta "pattal samarra" izan zutela dio Beristainek, eta aurten, berriz, asko dutela, "gehiegi!". Haren bilobak hala erantsi du: "Arbola asko pisuarekin okertu-eta dena egin dira. Baina lotuta jarri genituen berriro, eta orain ondo daude".

Sagar bilketa eskuz egiten dute. Basabe Barrenako familia handia da, eta senideen artean biltzen dute uzta. Hala adierazi du Beristainek: "Nik zazpi seme-alaba eta hamabost biloba dauzkat, eta sagar biltzea familikoen artean egiten dugu". Labakak sagar biltzea erosoago egiteko ibiltzen dituzten trikimailuak ere kontatu ditu: "Badugu belarra mozteko makina bat eta haren gainean plataforma bat jartzen dugu, hara gora igota sagar biltzen ere aritzen gara".

Azpeitiko azokan bakarrik ez, larunbatero Tolosako (Gipuzkoa) azokan ere beren produktuak saltzeko postua jartzen dute Errezilgoek. Sagarraz gainera, baserrian ekoiztutako sasoian sasoiko bestelako produktuak ere saltzen ditu Beristainek: "Babarruna, intxaurrak, arrautzak…".

Irakurri erreportajea osorik Urola Kostako Hitzaren webgunean.