SORMEN BEKAK

Entresaka bat irudien inguruko hausnarketan

Maialen Etxaniz 2021ko ira. 8a, 19:30
Unai Bidasoro Entresakaren azalpenak ematen, Sormen Beken aurkezpen irekian. (Kulturaz kooperatiba)

2020ko Sormen Beketako bat jaso zuen Unai Bidasororen Entresaka proiektuak. Hilabetetako lanaren ostean, azpeitiarrak maiatzean eman zituen egitasmoaren inguruko lehen zertzeladak, Sormen Beken aurkezpen irekian. Orduz geroztik, ordea, proiektuari forma ematen aritu da, beste kide batzuekin batera. Irudiaren inguruko hausnarketak egiteko plaza izan nahi du Entresakak, eta irail amaieran edo urri hasieran hasiko da edukiz janzten eta "dinamikoagoa" izaten.  

Une batez bada ere, irudien bueltan. Horrela dio Unai Bidasororen (Azpeitia, 1996) Entresaka proiektuaren leloak. Kazetaritza lanetan testuei airea emateko leihoak dira entresakak, eta Bidasororen egitasmoa ere antzeko zerbait da; irudien inguruan hausnartzeko leiho bat, nolabait.

2020ko Sormen Beketako egonaldi beka jaso zuen Bidasorok, eta horri esker eman dio forma proiektuari, beste hainbat kiderekin batera. Kulturaz kooperatibak eta Azpeitiko Udalak sustatzen dituzte Kultur Sormen Bekak. Egitasmoaren inguruko lehen azalpenak joan zen maiatzean eman ziztuen, Sormen Beken aurkezpen irekian. Azpeitiarrak azaldu duenez, orduko azalpenak etortzeko dagoenaren inguruko aurrerapena ziren, proiektua oraindik eraikuntza fasean baitago. Bada, zer da Entresaka? “Irudiez eta irudiekin aritzeko eta horien inguruan hausnartzeko espazio bat da”, kontatu du Bidasorok. Ez da leku fisikoa, ordea. Oraingoz, atari digitala da, zabalik dago, baina pixkanaka joango dira edukiz betetzen: “Hasierako helburua zen irudiaren inguruan hitz egiteko espazioa eta edukiak sortzea. Uneotan espazioa martxan dago. Testu gutxi batzuk eta irudi bidezko beste bat besterik ez daude eskuragarri, baina denborarekin joango gara edukiz janzten. Irudien aurrean jarrita, horietan arreta jarriz, askotariko testuak, kolaborazioak, erreportajeak… sortzea eta biltzea da asmoa”.

Irudien inflazio garaiko hausnarketa

Bidasorok beste lagun batzuekin batera egindako gogoetatik abiatuta sortu da Entresaka, eta hausnarketa hori egungo testuinguruari behatuz egindakoa da. “Inoiz gaurdaino eman gabeko irudien inflazio batean bizi gara, irudien sormen eta kontsumo hazkunde zoro batean. Besteak beste, irudiekiko axolagabetasun erlazio batera iritsi gara, horiek errealitatean eragiteko eta errealitatea bera moldatzeko duten gaitasunari muzin egiteraino. Nolabait, saturazio eta anabasa bisualak irudiaren explozioa baino inplozioa ekarri du, irudia aurrean izanda ere ez ikusteraino; are gehiago, esanahiak igortzeko berezko gaitasuna galduz, edo behintzat, ikaragarri ahulduz”, azaldu du azpeitiarrak.

Dinamoan bertan egin zuten Sormen Beken aurkezpen irekia. (Kulturaz kooperatiba)

Irudiaren bueltan hausnartu eta eztabaidatzeko “beharrezkotasuna” ikusita,  Entresakaren xedea da irudia oinarritzat duten diziplina artistiko eta ez-artistiko desberdinen “hartu-eman kontzientea” sustatzea: “Diziplina ezberdinetan ematen diren hausnarketa horiek kolektibizatzea eta eztabaidatzeko nahiz hausnarketa berriei ateak irekitzeko espazioa sortzea da nahi duguna, hitzez nahiz irudiz”. 

Entresaka proiektua Dinamoa sormen gunean jaio dela esan daiteke, sormen bekari esker bertan egindako egonaldian, hain zuzen. Dinamoak espazio gisa eskaintzen dituen aukerez probestu ez ezik, sormen gunean eskuragarri dauden zenbait liburu ere baliagarri izan zaizkio Bidasorori, zenbait gogoeta egiteko edo horietan sakontzeko. Esperientzia ona izan dela dio azpeitiarrak. Oraingoz ez du beste proiekturik esku artean, Entresaka jaio besterik ez baita egin, eta horri gorputza ematen jarraitzea da Bidasororen eta bere bidelagunen asmoa. "Hori bai, ez dakigu zer forma hartuko duen etorkizunean. Momentuz, euskarria webgunea izango da, eta denborak edo esperientziak esango digu zertan eboluzionatuko den". Irail amaieran edo urri hasieran ekingo diote webgunea edukiz janzteari,  modu horretan "dinamikoagoa" izango delakoan. Beraz, ikusleak, irudiari beha dagoen horrek, Entresakaren leihotik begira jarraitu beharko du, hausnarketa berriak noiz iritsiko zain. Honako hau da Entresakara sartzeko bidea: entresaka.eus