Realaren lehen taldearekin debuta egin du Elene Vilesek ligan

Mailo Oiarzabal 2021ko ira. 7a, 17:26

Talde txuri-urdinak 4 eta 1 irabazi zion Valentziari igandean Lehen Mailako ligaren lehen jardunaldian, eta neurketaren azken minutuak jokatzeko aukera izan zuen futbolari azpeitiarrak.

Elene Viles futbolariak (Azpeitia, 2001) Realaren talde nagusiarekin ligan lehen aldiz jokatzeko aukera izan zuen joan den igandean. Espainiako Lehen Mailako 2021-2022 denboraldiko lehen jardunaldiko partidan, 4 eta 1 menderatu zuen talde txuri-urdinak Valentzia, eta Vilesek neurketaren azken minutuak jokatu zituen; Emmaren ordez zelairatu zen erdilari azpeitiarra, 81. minutuan. Minutu batzuk lehenago, 70.ean, sartu zen jokoan Mirari Uria; horrenbestez, lehen aldiz bi jokalari azpeitiarrek batera jokatu zuten Realaren emakumeen lehen taldean eta goi mailako txapelketan.

Laugarren denboraldiari ekin dio Vilesek Realean; Lagun Onaketik joan zen Donostiako taldera, Uriarekin eta Haizea Urangarekin batera. Realaren bigarren taldeko jokalaria da erdilari azpeitiarra, baina behin baino gehiagotan entrenatzen du talde nagusiarekin; deialdi batzuetan ere sartu izan da, baina joan den igandera arte ez zuen ligan debuta egiteko aukerarik izan. Aurreko astean, ordea, jokatu zuen Vilesek lehen taldearekin, eta gola ere sartu zuen: Euskal Herria Koparen hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko neurketan, 2 eta 1 irabazi zion Realak Eibarri, eta txuri-urdinen bigarren gola egin zuen azpeitiarrak.