Mirari Ugarte: "Lehiaketen mundu hau lehendik ere gustatzen zitzaidan, baina sekula ez nuen pentsatu parte hartzeko aukeran"

Aitziber Arzallus 2021ko ira. 9a, 10:00
Mirari Ugarte eta Charlie joan den asteburuan, Muskizko lehiaketaren ostean.

Joan den asteburuan, txakurzaleentzat paradisu moduko bat bilakatu zen Muskiz (Bizkaia). 150 bat arrazatan bereizi zitezkeen 800dik gora txakur batu ziren herrian, Bizkaiko Txakur Elkarteak antolatutako ekitaldien bueltan. Larunbatean, Espainiako Txakur Erakusketaren 56. edizioan, 500 bat lauhankakok parte hartu zuten; igandean, Nazioarteko Txakur Erakusketaren 55. edizioan, 800ek baino gehiagok. Horien artean zen Mirari Ugarteren (Azpeitia, 1997) lagunik onena ere, Charlie, txokolate koloreko labrador gaztea. Emaitza ikusgarriekin etxeratu ziren, gainera: bere arrazako txakur onena izateko lehian, bigarren gelditu zen Charlie; aldiz, arren artean, bera izendatu zuten labrador gazterik onena. 

Nolatan hasi zinen txakur erakusketetan parte hartzen?

Animaliak betidanik gustatu izan zaizkit eta txiki-txikitatik izan dut haiekin harrema, etxean ere beti izan dugu txakurra. Hala ere, baneukan gogoa neure txakur bat izateko. Ideia horri bueltaka hasi nintzen orain dela pare bat urte, eta erabaki nuen txokolate koloreko labrador ar bat hartzea. Burgosko haztegi batean egin nuen eskaera aurreko urteko abuztuan, eta abendura arte egon behar izan nuen zain. Hiru ar jaio ziren eta ni hirugarrena nintzen zerrendan, baina haztegikoek esan zidaten txakur hura beraientzat hartzeko asmoa zutela, lehiaketetara aurkezteko. Niri emateko prest zeuden, baldin eta erakustaldietan parte hartzeko konpromisoa hartzen banuen; ezezkoa ematen banien, beraiek hartuko zuten txakurra, eta nik beste umealdi baten zain gelditu beharko nuen. Gurasoekin hitz egin eta probatzea erabaki nuen, eta horrelaxe hasi nintzen.

Haztegikoek bultzatuta hasi zinen, beraz…

Egia esan, lehiaketen mundu hau lehendik ere gustatzen zitzaidan, baina sekula ez nuen pentsatu parte hartzeko aukeran, eta neure kasa ere ez dut uste hasiko nintzenik.  

Charliek eta biok zenbat lehiaketatan parte hartu duzue? Eta zer moduzko emaitzak lortu dituzue?

Muskizkoa bigarrena izan da; aurrez, Somoko (Kantabria, Espainia) lehiaketara aurkeztu ginen. Lehiaketek asteburu guztia irauten dute eta bi zati izaten dituzte: larunbatean, Espainia mailako lehia izaten da; eta igandeetan, nazioartekoa. Somon txakurkumeen sailean parte hartu zuen Charliek, orain baino gazteagoa zelako, eta labrador txakurkume  arrik onenaren saria eta labrador txakurkume onenarena irabazi zituen.   

Nolakoak dira lehiaketak? 

Era askotako lehiaketak egiten dira: abileziakoak, obedientziakoak... Guk parte hartzen dugun lehiaketetan, epaileek, batez ere, txakurraren morfologia hartzen dute kontuan, zer nolako itxura duen. Horretarako, buelta bat eman behar izaten dugu rinean, eta gero, epailearen aurrean jarri behar izaten du txakurrak. Kontuan hartzen dituzte gorputzaren neurriak, proportzioak, ibilkera, nolako aurrealdea duen, hortz-haginak nola dituen, bizkarra nolako duen eta abar. Labrador arrazak berezkoak dituen ezaugarriak ondoen betetzen dituen txakurrak irabazten du lehiaketa. 

Zaintzailearen lanak zerbateraino eragin dezake emaitza horretan?

Esaten dute, txakurra berez oso ona baldin bada, lanaren zati handi bat egina izaten duela, baina garrantzi handia du eguneroko zaintzak ere. Adibidez, nik jatekoa pisatuta ematen diot, haztegikoek erakutsita bezala, txakur hauek pisua erraz hartzeko joera daukatelako. Lehiaketako momentuan bertan ere, zaintzailearen lanak emaitza baldintza dezake.  Txakurra ondo eramaten jakitea inportantea da, epaileak dena hartzen duelako kontuan. Zentzu horretan, oraindik badaukat zer hobetua, oraintxe hasi bainaiz ikasten.

Nork irakasten dizkizu gauza horiek?

Haztegikoek. Lehiaketara aurkeztu aurretik hiru bat aldiz joan nintzen gauzak nola egin behar nituen ikastera, eta lehiaketetara ere elkarrekin joaten gara beti; haiek nire alboan egoteak ziurtasuna ematen dit.

Zergatik dute horrenbesteko interesa zugan eta Charlierengan?

Beraien haztegitik irtendako txakurra izanda, Charliek ondo egiten duen guztiak mesede egingo dio haztegiari ere; zenbat eta gauza gehiago irabazi, orduan eta ospe hobea izango du beraien negozioak. Aurrerago, berriz, agian aukera egon daiteke Charlierekin umealdiren bat ateratzeko ere; baina ikusiko dugu, denborarekin joango gara aukerak aztertzen eta erabakiak hartzen. 

Zure inguruan beste inork ba al du horrelako lehiaketetan parte hartzeko ohiturarik?

Bai zera. Behin hondartzan gizon batekin egin nuen topo, oker ez banago Azpeitian bizi den azkoitiar bat zen, eta hark esan zidan bazeukala joateko asmoa. Gainontzean, inor ez dut ezagutzen. Egia da lehiaketek jende asko mugitzen dutela, baina batez ere haztegien inguruan ibiltzen den jendea izaten da, giro horretakoa. Azkenean, lehiaketa hauek batez ere haztegientzat izaten dira garrantzitsuak, beraien izen ona eta ospea izaten dituztelako jokoan. Zentzu horretan, deigarria da saria sekula ez dela izaten ekonomikoa, haztegiei gehiago interesatzen zaie titulua bera, umealdi berri bat ateratzen dutenean ama Espainiako txapelduna eta aita ez dakit nor dela esatea.

Espero al zenuen lehiaketetan horren emaitza onak eskuratzerik?

Ez, batez ere neu oso urduri jartzen naizelako, eta hori antzeman egiten delako. Nire kontra lehiatzen duten gehienak haztegietako jendea izaten dira, batzuk hogeitik gora urteko esperienzia daukatenak, eta ni, berriz, hasiberria naiz. 

Baduzu beste lehiaketaren batean parte hartzeko asmorik?

Bai, irailaren bukaeran Madrilen izango gara; hura izango da orain arteko hitzordurik garrantzitsuena. Denbora askorik ez daukagun arren, saiatuko gara ahalik eta ondoen prestatuta joaten. Egia da txakurra ondo eramaten ikasteko denbora behar dela, ibiltzea, baina jardunda egingo ditugu aurrerapausoak, eta saiatu behintzat egingo gara.