Eduki babestua: KLINK ekintzailetza

Iñigo Borda: "Garrantzitsuena beldurra alde batera uztea da, eta proiektuaren alde egitea"

Uztarria.eus 2021ko ira. 10a, 10:26

Sei hilabete daramatza zabalduta Azkoitiko Kattagorri Artea zentroak, baina Iñigo Bordarentzat nahikoa denbora da erabaki ona hartu zuela jakiteko. Aurretik zuen lana utzi zuen, eta artea erakustera bideratu zituen indarrak, hutsetik abiatutako proiektuarekin hasiz.

Arteari lotutako ezagutza zabala eskaintzen du Iñigo Bordak (Azpeitia, 1984) Azkoitiko Kattagorri Artea zentroan: teknika desberdinak, euskarriak eta horien prestaketa, margoak, eskulanak...

Nola izan zen sortze prozesua, hau da, ideiatik enpresa sortu artekoa?

Beste lan bat nuen, baina buruan bueltaka nuen arte zentroa irekitzeko ideia, inguruko pertsonek, familiak eta lagunek pausoa ematera animatu ninduten , eta Iraurgi Berritzen agentziara jo nuen, lankide batek zerbitzua ezagutzen zuelako. Lehen zeregina lekuaren bila hastea izan zen. Ez zen lan erraza izan, izan ere, egokia izan behar zuen lagun kopuru zehatz bat elkartzeko, argitsua... Honako lokal hau egokia zen ordea: kanpoan ataria du, barruan espazioa handia eta argitsua, ikastetxeen ondoan dago, eta ikusi orduko erabaki nuen hemen ezartzea Kattagorri Artea zentroa.

Asko ikasi al duzu prozesu horretatik?

Bai, asko, egia esan. Hasieran zure buruarengan konfiantzarik ez duzu, ez nuen sinesten, baina gero ikusten duzu ez dela horren zaila. Beldurrek lan asko egiten dute, baina momentua iristen da eta aurrera egitea erbaki behar da. Zentroa zabaldu ondoren, klaseak ematen hasi nintzenean ere ikasi behar izan nuen, ikasle eta adin bakoitzak behar duenera egokitu behar zarelako. Izan ere, haurrak, gazteak eta helduak etortzen dira, eta horietako bakoitza da zure nagusia.

Zein oztopori, beldurri, aurre egin behar izan diezu?

Beldurrari esango nuke, batik bat, ez dakizulako nola joango zaizun, ikasleak lortuko dituzun... Baina zortea izan nuen, eta ondo etorri zitzaidan lokala ikastetxeen ondoan egotea. Beste nonbait egon balitz zentroa, nire ustez ez litzateke horren ondo joan izango. Lekuak, zentzu horretan, asko eragin duela uste dut.

                        

Zure kasuan haur, gazte eta helduei klaseak emateko arte eskola da, eta lehenbiziko seihilabetekoa egin duzu. Zein da orain arteko balorazioa?

Oso ona, espero nuena baino hobeto joan zait, eta gustura nago. Ireki orduko haur eta gazte asko etorri ziren, eta, gero, udako ikastaroetan ere izan ditut ikasleak.

Zeintzuk dira norberarentzako lan egitearen onurak eta desabantailak?

Abantaila nagusia, zer egin behar duzun eta noizko egin behar duzun esaten inor ez duzula izan daiteke. Lasaiago egiten duzu lan nagusirik gabe. Desabantaila bat esatekotan, diziplina asko eskatzen duela esango nuke, zure ardurapean dagoelako dena.

Zeintzuk dira pertsona ekintzaileak izan edo landu behar dituen gaitasunak?

Bi gauza esango nituzke: gogoak eta bere proiektuan sinestea. Askotan gertatzen da motibazioa falta duzula, eta azkenean ez duzu gauzatzen ideia, baina motibazioarekin gauzak aurrera ateratzen dira. Gero, ondo edo gaizki aterako den beste gauza bat da, baina hori inoiz ezin duzu aurretik jakin.

"Orain arteko balorazioa oso ona da, espero nuena baino hobeto joan zait, eta gustura nago"

Zer aholku emango zenioke enpresa sortzera doan ekintzaileari?

Saiatzeko, eta porrotaren beldurrik ez izateko. Ondoren gaizki joaten bada, saiakera eginda izango du behintzat. Pentsatzen hasiz gero, txikiak ginela ezagutu genituen negozio asko itxi dira, eta horrek gauza bat esan nahi du; beti daudela aldaketak. Kattagorri Artea zentroa ondoa doa orain, baina inork ezin du jakin hemendik lauzpabost urtera ondo joango denik... Garrantzitsuena beldurra alde batera uztea da, eta proiektuaren alde egitea, indar denak horretara bideratu, eta saiatu ahalik eta ondoen egitea.

Zeintzuk dira aurrera begira dituzuen erronkak?

Zentroa bera egonkortzea da orain helburu nagusia: eskaintza mantendu eta ikasle sorta zabaldu. Ikasturte berria urriaren hasieran ekingo diogu, eta espazioa eraberritzeko aprobetxatzen ari naiz, ahalik eta zerbitzu onena emateko asmoz. Bitartean, nahi duenak informazio gehiago lor dezake 674 33-59-88 telefonoan edota kattagorriartea@gmail.com posta elektronikoan.

Negozio ideia bat baduzu, Iraurgi Berritzenen Klink ekintzailetza egitasmoan aurkituko duzu beharrezko laguntza guztia.