Koronabirusa Azpeitian

36 establezimenduk jaso dute udalak COVID-19ari aurre egiteko inbertsioetarako emandako dirulaguntza

Mailo Oiarzabal 2021ko ira. 7a, 15:41

Ekonomia sustatzeko laguntza lerroetako bat izan da hori aurten, ostalariei eta merkatariei zuzendutakoa. Guztira 26.695,64 euro bideratu ditu udalak laguntza horietara. Sustapen ekonomikorako dirulaguntzak eskatzeko epea irekita dago oraindik; urriaren 31ra arte aurkez daitezke eskaerak.

Herriko ekonomia sustatzera bideratutako dirulaguntza lerroen artean, ostalaritzan eta merkataritzan COVID-19ari aurre egiteko inbertsioak bultzatzera bideratutakoa da Azpeitiko Udalak aurten abian jarri duenetako bat. Dirulaguntza lerro horren gaineko datuak eman berri ditu udalak: 36 izan dira inbertsioetarako laguntza jaso duten ostalaritzako eta merkataritzako establezimenduak, eta guztira 26.695,64 euro bideratu ditu udalak laguntza horietara.

Datu horiek ematearekin batera, udalak gogora ekarri du sustapen ekonomikorako dirulaguntzen aurtengo deialdia irekita dagoela oraindik. Hain zuzen ere, datorren urriaren 31ra arte aurkez daitezke laguntza eskaerak. Lehen sektorera eta zerbitzuentzara 200.000, industria proiektu estrategikoak edo berritzaileak sustatzeko 160.000, ekintzailetzara 65.000 eta azpeitiarren kontratazioetarako 75.000 euro bideratuko ditu aurten udalak.