Idazlea

Beñat Zubillaga: "Nahi dut jendeak ikustea armairutik ateratzen zarela modu batean edo bestean"

Anartz Izagirre 2021ko ira. 7a, 10:30
Beñat Zubillaga idazle azpeitiarra. (Anartz Izagirre)

14-15 urte zituela ekin zion Beñat Zubillagak (Azpeitia, 2003) liburuak idazteari, eta duela bizpahiru urte argitaratu zuen Todo comienza con un te quiero. Bigarrena ere argitaratu du: Libre.

18 urte dituzu, baina dagoeneko bi liburu argitaratu dituzu. Ez da ohikoena.

Orain dela hiru bat urte hasi nintzen nire lehen liburua idazten, 14-15 urterekin, eta ideiak okurritu ahala joan nintzen idazten. Hasieran ez nekien horretarako zein pauso eman behar nituen, eta puntu batera iritsi nintzenean jada ez nekien zer gehiago idatzi. Txikitatik egon naiz mundu horretan sartuta, eta asko irakurtzen zein idazten dut.

Todo comienza con un te quiero izena du zure lehen liburuak. Nola hasi zen guztia?

Barruan nituenak askatzeko hasi nintzen liburuak idazten, eta niri gertatzen zitzaizkidan gauzak kontatzen joan naiz. Konturatu nintzen olerki dezente nituela idatzita, eta horiek ordenatzen hasi nintzen, ondoren argitaratzeko. Lehenengo liburu honen gai nagusia maitasuna da, eta protagonistak hori bere barruan nola eramaten duen; izan ere, maitasuna problematikoa dela esan dezakegu, gorabehera askokoa.

Nolakoa izan zen ingurukoengandik eta irakurleengandik jaso zenuen erantzuna?

Oso ona, espero nuena baino askoz hobea. Pentsatzen nuen gertukoek soilik erosiko zutela liburua, baina ez. Denek esan zidaten liburua asko gustatu zitzaiela, eta horrek gehiago idaztera bultzatu ninduen. Hori da nire helburuetako bat, jendeak ondo hartzea idazten dudana.

Duela gutxi heldu da Libre liburua, eta oraingoan, olerkitik narraziora egin duzu jauzi. Zer moduz moldatu zara?

Betidanik gehiago gustatu izan zait narrazioa, baina lehenengo liburuan azaleratzea nahi nuena idazteko, narrazioa ez zitzaidan modurik onena iruditu; horregatik jo nuen poesiara. Bigarren liburu honetan, ordea, narraziora jo dut. Askoz erosoago sentitzen naiz genero horretan.

Bi liburuek homosexualitatea dute oinarrian. Asko kostatu al zaizu horren inguruan idaztea?

Batere ez. Azken finean, homosexualitatea heterosexualitatea baino gehiago ezagutzen dut, eta jendeak jakin eta entzun beharko lukeen zerbait dela iruditzen zait; normalizatu beharra dago. Homosexualitateaz ez idaztea zailagoa iruditzen zait.

Zer kontatzen duzu Libre liburuan?

Herri txiki batekoa den eta Madrilera bizitzera joaten den 18 urteko mutil baten istorioa kontatzen du Libre-k. Herrian oraindik ere armairuan dago protagonista, bere inguruan ez dagoelako homosexualik, eta ez dakielako jendeak nola hartuko duen bera halakoa izatea. Madril hiri handia eta anitza denez, homosexual gisa aurkezten da besteen aurrean. Liburuak armairuaren inguruan hitz egiten du; armairutik ateratzerakoan bere bizipenak nolakoak izan diren eta horren atzean dagoen guztia kontatu nahi izan dut.

  • Zer da zuretzat armairua?

Askatasun eza. Zerbait izan nahi eta ezina, baina ez ezin duzulako, jendeak ez dizulako uzten baizik.

Oraindik ere oso ohiko joera da homosexualen artean hirietara bizitzera joatea.

Niri pena ematen dit, homosexualok besteen eskubide bera baitugu herri batean edo hiri batean bizitzeko. Gizartea, ordea, dagoen bezala dago, eta guk ezin diogu horri aurre egin. Alde batetik, normala iruditzen zait norberak libre eta aske sentitu nahi izatea eta horretarako hiri batera joan nahi izatea, baina ez da normala gizartea horrela egotea.

Egin zizuten elkarrizketa batean zehazten duzunez, libre eta aske kontzeptuak banandu egiten dituzu. Zergatik?

Liburuaren pasarte batean esaten dudan moduan, libre izateko eskubidea bakarrik behar duzu; baina aske izateko, eskubideaz gain, egiten duzun horregatik inork ezer ez esatea ere behar duzu. Homosexualena da adibidea; eskubidea duzu homosexuala izateko, eta libre zara horretarako, baina ez zara aske, badakizulako horregatik jendeak zerbait esan diezazukeela.

Nola ikusten duzu alde horretatik Azpeitiko egoera?

Gero eta hobeto. Ikusten dudan puntutik, jendeak ez du horrenbeste arazo. Ni armairutik atera nintzenean ez nintzen jende askorekin ibiltzen, eta norbaitek gaizki begiratzen bazidan pentsatzen nuen: "Uf… zerbait izango du honek". Baina gero, agian, pertsona horrekin bi hilabete geroago hitz egiten duzu eta jator egiten dizu kasu. Inguruan zenbat eta homosexual gehiago izan, hobeto hartzen zaituzte.

Zure liburuak armairuan dagoen jendearentzat lagungarri izan daitezkeela uste al duzu?

Bai, eta liburu hau idazterakoan hori izan da helburuetako bat. Nahi dut jendeak ikustea armairutik ateratzen zarela modu batean edo bestean, eta gero dena ondo joaten dela, orokorrean behintzat. Nik armairuan nengoenean ez nuen oso ondo pasatu; izan ere, inguruan ez nuen ia homosexualik izan, ez nuen inor inguruan esango zidana: "Dena ondo joango da". Beldurra nuen, ea armairutik atera eta jendeak baztertuko ninduen edo ez.

Irakurri elkarrizketa osorik Urola Kostako Hitzaren webgunean.