Jon Andoni Martinen 'Nire unibertsoa' erakusketa ikusgai, Sanagustin kulturgunean

Artista azkoitiarrak kolodioi hezearen teknika erabilita egindako lanak jarri dituzte ikusgai Sanagustin kulturguneko hormetan. Hilaren 20ra arte izango da bertan. Hilaren 16an, gainera, herritarrek erretratuen lan prozesua bertatik bertara ikusteko aukera izango dute.

Ikusgai jarri dute Jon Andoni Martin Pegote artista azkoitiarraren Nire Unibertsoa izeneko erakusketa Sanagustin kulturgunean, eta bertan izango da hilaren 20a bitartean.

Azkoitiko artistak sarritan erabili izan duen kolodioi hezearen teknikaz sortutako lanak dira Sanagustinen zintzilik jarri dituztenak, eta argazki sorta osatzen duten koadroetan erretratuak dira protagonistak. Artistaren hitzetan, "uneoro argazkiarekin kontaktuan egoteak" bultzatu zuen erakusketari Nire unibertsoa izenburua jartzera: "Izan ere, elementu kimikoak prestatzen ditudanean, irudia errebelatu bitartean, argazkia finkatzen eta garbitzen den unean... Une oro kameraren barruan nagoela esan dezaket. estudioa bera kamera delako". 

Erakusketaz gain, beste hitzordu bat ere antolatu dute datozen egunetarako. Hilaren 16an herritarrek Pegoteren erretratuen lan prozesua bertatik bertara ikusteko aukera izango dute, 17:00etan hasita, kulturgunean bertan. 

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide